Iruñeko hamahiru liburu-denda kalean izanen dira gaur

Euskalerria Irratia 2017ko api. 24a, 08:05
Liburuak merkeago eta loreak oparitan izanen dituzte gaur kalean liburu-dendek. Arg: laguiadepamplona.es

Karlos III.aren eta Orreaga etorbideen ingurunean jarriko dituzte postuak, 10:00etatik 21:00etara. %10eko beherapena eta 4.000 lore banatuko dituzte.

Iruñeko hamahiru liburu-denda kalera aterako dira apirilaren 24an, astelehenarekin, Liburuaren eguna sustatzeko, beherapenen eta 4.000 lore oparitzearen bitartez. Aurten ere liburu-dendak herritarrengana gerturatuko dira salmenta-postuak jarriz Karlos III.aren oinezkoendako gunean, Orreaga etorbidearen ondoan. Eta astelehenean egingo dute (apirilaren 24an), Liburuaren eguna (apirilak 23) igandea delako, eta dendak itxita daudelako. Horregatik, Liburu Saltzaileen elkarteak azoka astelehenean egitea erabaki zuen.

10:00etatik 21:00etara, etenik gabe, liburu-dendek salmenta-postuak jarriko dituzte eta liburuetan % 10eko murriztapenak eskaini, loreak oparitzeaz gain -aurreikusitako 4.000 aleak agortu arte banatuko dituzte-.

Parte hartuko duten liburu-dendak honako hauek dira: Auzolan, Chundarata, Elkar (bi postu), Gómez, Katakrak, Troa, Walden, Iratxe, Deborahlibros, Arista, Nerea eta Abarzuza. Postuetan egiteaz gain, dendetan ere % 10eko murriztapena egingo da.

Liburuaren eta Lorearen Eguna Iruñeko Udalak antolatzen du, Diego de Haro Liburu-saltzaileen Elkartearekin elkarlanean. 2017. urte honetan hamar urte beteko ditu. Jarduera honekin Iruñeko Udalak bat egiten du berriz ere Liburuaren Nazioarteko Egunarekin, Diego de Haro Liburu-saltzaileen Elkartearekin elkarlanean, eta, hartara, hiriko liburu-dendak ezagutzera ematen ditu, bai eta gertuko denda gisa balioesten ere. Halaber, liburuak eta loreak protagonista dituen egun honetan Iruñeko erdigunea dinamizatzen da eta ordu batzuetan zehar iruindar guztien arteko topagune bihurtzen da, kultura ardatz hartuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!