Errenta aitorpenean 'Gizarte helburuak' laukia markatzeko deia zabaldu dute

Euskalerria Irratia 2017ko api. 21a, 12:22

Errenta aitorpenaren PFEZren %0'7 gizarte elkartasunerako, garapenarako kooperaziorako, ingurumenerako, Autonomia Pertsonalerako Legea garatzeko eta prestatziorik ez duten langabetuentzat bideratzeko eskatu dute GKEek.

'Beste gizarte helburuak' laukitxoa markatuta, errenta aitorpenaren Pertsona Fisikoen Gaineko Zergaren %0'7 gizarte ekintzan, garapenerako kooperazioan edota ingurumenaren alorretan lan egiten duten Gobernuz Kanpoko Entitate eta Erakundeak laguntzeko bideratu daiteke. Hain justu, horixe aldarrikatu dute, gaur goizean, Nafarroako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinatzaileak (CONGD), REASek, Pobreziaren eta Bazterketaren Kontrako Sareak, Cerminek eta Gurutze Gorriak. 

Lau eratan erabili daiteke %0'7 hori: gizarte ekintzarako; eliza katolikoa laguntzeko; bi aukeratarako, orduan, %0,35 eta %0,35 eramanen du aukera bakoitzak; eta, azkenik, markatu gabe utz daiteke eta Nafarroako Foru Erkidegoaren "xede orokorretarako"aplikatuko da.

Gizarte helburuak zer diren

2009ko Foru Legeak zehazten du gizarte helburuak markatuz gero jasotakoa zein modutan banatuko den: %35, ekintza solidarioetarakoa; %15, prestaziorik ez duten langabeak laguntzeko; %30, garapenerako nazioarteko kooperaziorako; %15, Autonomia Pertsonaleko Legerako; eta %5, ingurune naturala eta biodibertsitatea babesteko. 

Helburu argia dauka GKEen kanpainak: deus markatzen ez duten 72.495 nafarrek 'Gizarte helburuak' laukitxoa hautatzea -%15 inguru dira-. 

Zergen esleipena aldatzeko, Ogasunaren telefonora dei dezakete herritarrek, bulegoetara joan daitezke edota webgunean bertan moldatu dezakete. Errenta aitorpena gauzatu badute ere, uztailaren 3ra arte egin dezakete.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!