Dekretu bat prestatzen ari da Nafarroako Gobernua, herrien euskal izendapena erabiltzeko euskarazko testuetan. Dena dela, izenak ez dira ofizialak izanen, ofizializatzea gobernuaren esku dagoen arren. Udalerriek izanen dute aukera, nahi izanez gero, Euskaltzaindiak onetsitako herri deiturak ere ofizial egiteko: gobernuari eskaera egin eta honek onartu eginen du.
Nafarroako Gobernua babesten duten lau indarrak ez daude ados euskal izenen harira segi beharreko bidearekin: izenak ofizializatzea gobernuaren gain dagoela azpimarratu du EH Bilduk, Euskararen Legeak hala jasotzen baitu; Geroa Baik, aldiz, esan du Nafarroako Toki Administrazioaren Legeari jarraiki udalek erabaki behar dutela. "Udalerrien izenak aldatzeko, udalek hartu beharko dute erabakia". Halaxe dio Toki Administrazioaren Legeak. Nolanahi ere, iritzi kontrajarriak dauzkate bi indarrek: euskal izena jartzea "aldaketa" egitea ote den.
Bada gako bat, gobernuak zuzenean erabakia hartzekotan, oposizioak "inposaketa" leporatuko liokeela esan duela Geroa Baik, horregatik, udalek erabakita, aldaketa ez litzateke gobernuaren ardura.