OPUSeko unibertsitateko ikasleei beka gehiago emanen dizkie Nafarroako Gobernuak, 2016-2017ko beka deialdiari sei ikaslek aurkeztutako errekurtsoetako batzuk onartu eta gero. Izan ere, Nafarroako unibertsitateko ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoan plazarik lortu ez zutela ziurtatu behar zuten beka eskatu ahal izateko eta, datak medio, ezin izan zuten. Beraz, baldintza hori ezartzerakoan, "kalkulu akatsa" egin zuela onartu du Hezkuntza Sailak.
Zuzenketa koefizienteak eta tarteak ere aurreko deialdietakoak izanen dira, aintzat hartuta Nafarroako Unibertsitateko ikasleek ez zutela irizpide berrien berri izateko aukerarik izan -aurreko baldintzak azken hogei urteetan ez dira aldatu-.
Beka jasotzen "ez da eskubidea"
Beka deialdia moldatu badu ere, zehaztapena egin nahi izan du Nafarroako Gobernuak: beka jasotzea ez da eskubidea; beka eskaitzaileek ez dute "berezko eskubiderik" beka jasotzeko, "zentzu tekniko juridikoan", baizik eta "eskubiderako aukera". Ondorioz, beken deialdia moldatzea Gobernuaren eskumena izan badela oroitarazi du Maria Solanak hezkuntza kontseilariak: “inondik inora ez da ilegala”.
Bekei bideratuta diru sailak gora eginen du: 700.000 euro gehiago jarriko ditu Nafarroako Gobernuak, "kontzeptu eta eskatzaile guztientzat". Guztira, 4.334.104 euro esleituko ditu bekentzat, beraz.
Lehenengo mailakoentzat baino ez
Orain, OPUSeko unibertsitateko ikasleek hilabete beteko epea izanen dute eskaerak egiteko: hori bai, bakarrik lehenego mailakoentzat izanen da aukera, haiek ez baitzekiten beka eskatzeko aldez aurretik NUPen izena eman behar zutenik, irizpideen akatsa zela eta. Gainontzeko ikasleek ezinen dute.
Bide horretan, Solanak gogorarazi du "gutxi batzuk" izan direla beken aferan "kaltetutakoak" eta "ikasle asko" direla, ordea, beken irizpideak aldatuta "onura" izan dutenak.