Etxe kaleratzeak geratu eta bidezko alokairuak sustatzeko lege proposamena aurkeztu du Plataformak

Euskalerria Irratia 2017ko api. 18a, 13:47

Maiatzaren 14an hainbat alderdik Etxe Kaleratzeen Kontrako Plataformak prestaturiko legea aurkeztuko dute Madrilen. Gas, ur eta argi horniketak bermatzea eta etxebizitza soziala sustatzea bultzatuko du, besteak beste.

Etxe kaleratzeak geratu eta bidezko alokairuak sustatzeko lege proposamena aurkeztu du gaur, Iruñean, Etxe Kaleratzeen Kontrako Plataformak, sindikatuen eta herri eragileen babesarekin.

Orain dela lau urte saiatu zen hutsarazteak ekidinen lituzkeen etxebizitza legea aurrera ateratzen; ezin izan zuen, ordea, PPk baitzuen orduan gehiengoa. Orain, eserleku oreka aldatuta, "parlamentuaren osaketa berriari esker", kaleratzeak bertan behera utziko lituzkeen lege bat "posible" da, Plataformaren hitzetan.

Bost aldarriren bueltan egituratzen dute lege proposamena: bat, atzeraeraginezko ordainketa bertan behera uztea; bi, bidezko alokairuak sustatzea; hiru, etxe kaleratzeak bertan behera geratzea; lau, etxebizitza sozialak babestea; eta bost, ur, argi eta gas horniketak bermatuta egotea.

Maiatzaren 14an

Maiatzaren 14an aurkeztuko dute legea Espainiako Kongresuan hainbat alderdik, Etxe Kaleratzeen Kontrako Plataformaren eskutik, "lege ekimen legegilea egiteak prozesua mantsotuko luke-eta".

Gobernua "bankaren menpe" dagoela salatu du Plataformak, baita "haren neurrira agintzen" duela ere. Era berean, arazoa latza dela ikusarazi nahi izan du, izan ere, Nafarroan, "kaleratze bat dago egunero". Lazgarriak dira datuak, iaz 166 kaleratze prozesu judizial abiatu zituzten; alokairuari dagokionez, 234 familia geratu ziren kalean. Plataformako kide Josu Ostaren hitzetan, "ohikoak" dira oraindik ere kaleratzeak, "ikusgarritasunak behera egin badu ere".

Iruñean ere kalera

Maiatzaren 14an Madrilen etxebizitza eskubidearen aldeko eta kaleratzeen kontrako legea aurkeztu aurretik, kalea hartu nahi du Etxe Hutsarazteeen Kontrako Plataformak, eta, horregatik, mobilizazioak deitu ditu. Iruñean, hilaren 26an aterako dira kalera, arratsaldeko 19:00etan, Zezen plazatik. Besteak beste, LAB, ELA, CNT, Steilas, ESK, EHNE, Solidari, CCOO, UGT sindikatuek bat egin dute deialdiarekin, baita herri eragile hainbatek ere: esaterako, Ekologistak Martxanek, SOS Arrazakeriak eta Paris 365k.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!