Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

2016ko errenta aitorpenaren kanpaina abian da

Euskalerria Irratia 2017-04-06 14:35   Ekonomia  Nafarroa

Internet bidez egiten ahalko da oraingoz 2016ko errentaren aitorpena eta heldu den apirilaren 18tik aurrera, modu presentzialean ere egiten ahalko da ohi bezala errenta aitorpena.

Gaurtik aurrera publiko eginen ditu 179.414 aitorpen proposamen, 239.804 herritarrenak direnak. Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga da egun hauetan aitortu beharko dena eta baita ondarearena ere. Ekainaren 23ra arte izanen da zabalik aurtengo kanpaina.

Internet bidez gaurtik aurrera egin daitezke errenta aitorpenak: navarra.es webgunean jaso daiteke informazio guztia Ogasunak aktibatuko duen gune bati esker. 2015eko errenta aitorpena egin zutenen artean %17ak hautatu zuen online egiteko bidea. NAN webgune horretan txertatuta ikus dezake nahi duenak bere errenta aitorpena igorrita dagoen ala ez, eta hala balitz eta tramite gehiago egin ahal izateko, PIN zenbaki bat ere helaraziko da.

Ekarpenaz eraikitako etorkizuna izenburuarekin kanpaina abiatuko dute gaurtik aurrera Nafarroako Gobernutik.

Gaurtik aurrera publiko eginen diren deklarazioetatik gehienak, ia %65 itzultzera aterako dira eta %30 izanen dira ordaintzera. Itzultzera ateratzen diren errenta horiek apirilaren 18tik aurrera jasoko dituzte herritarrek. 115.000 izanen dira itzultzera izanen dutenak eta 65,7 milioi euro itzuliko ditu Ogasunak.

Nork egin behar du halako errenta aitorpena?

Urtean 11.250 eurotik gora kobratzen duten guztiek egin behar dute Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko aitorpena; higigarriak edo ondareak dituzten herritarrek 1.600 eurotik gorako erretentzioarekin; bestelako errentak jasotzen dituztenak: enpresariak, profesionalak… euren zenbatekoa nolanahikoa dela ere.

Eta, errenta aitorpenean egin beharreko beste kontu bat, laukitxoa markatzea. Bi laukitxo izanen dira aurtengoan ere: batean, zuren zergen %0,7 Eliza katolikoari bideratzen ahal diozu edo beste laukitxoa markatuz gero, gizarte gaietara bideratuko da. Biak markatuta, %0,35 bideratuk da talde bakoitzarentzat. Bat bera ere markatzen ez bada, Nafarroako Gobernuak kudeatuko du %0,7 hori.

Iazko datuak ere izan dituzte gogoan Kontseilariak, Mikel Aranburuk eta harekin agerraldian izan den Luis Esain Ogasuneko gerenteak. 328.019 errenta aitorpen kudeatu zituzten: 135 milioi euroko diru sarrerak izan zituzten eta 198 milioi euro itzuli zituzten, beraz, 63,4 milioi euro itzultzea tokatu zitzaion Ogasunari. Erreforma fiskalak ere eragina izan du horretan.

Gaur beraz abian jarri dute 2016ko errenta aitorpenaren kanpaina. Oraingoz, internet bidez egin ahal izanen dira aitorpenak eta apirilaren 18tik aurrera baita Ogasunak dituen egoitzetan edo elkarlanean ari diren entitateetan ere. Informazio guztia navarra.es webgunean aurki daiteke. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa