Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Nafarroako Bertsozale Elkartea, 2017ko Vianako Printzea sarirako hautagai

Euskalerria Irratia 2017-04-06 14:11   kultura  Nafarroa

Nafarroako Gobernuak kultura arloan ematen duen saririk garrantzitusuena da Vianako Printzea saria. Zortzi hautagaien artean egongo da sariduna.

Zortzi hautagaitza aurkeztu dituzte 2017ko Vianako Printzea sarirako eta horien artean Nafarroako Bertsozale Elkartearena dago. Nafarroako Gobernuak kultura arloan ematen duen saririk garrantzitsuena da eta oinarrien arabera “sari honen helburua da kulturaren arloko pertsona edo erakunde garrantzitsuen ibilbidea aintzatestea. Sariak aintzat hartzen ditu arte plastiko, musika, literatura eta abarreko sorkuntza-ekintzak eta zientzia, teknika eta ikerketa arloetako lanak”.

Nafarroako Kultura Kontseiluak proposatu du Nafarroako Bertsozale Elkartearen hautagaitza. Horiekin batera beste zazpi hautagaitza aurkeztu dituzte aurtengo ediziorako: Iruñeko ganbera abesbatza, Enrike Zelaia, Berri Txarrak, Justo Lacunza, Jose Lainez eta Concha Martinez, Pello Salaburu eta Marysa Navarro. Hautagai horien artean sariduna nor den erabakiko dute Nafarroako Kultura Kontseiluko kideek eta apirilaren erdialdean emango dute erabakiaren berri. Sari-ematea, berriz, maiatzaren 27an egingo dute Erriberriko erret-jauregian.

Nafarroako Gobernuak 1990. urtean sortu zuen Vianako Printzea saria eta Rafael Moneo, Julio Caro Baroja, Pablo Antoñana, Pedro Migel Etxenike, Montxo Armendariz, Miguel Sanchez-Ostiz, Maria Bayo edota Pedro Iturralde dira aurreko edizioetan sari hau jaso dutenetako batzuk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa