Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Haurrendako Euskarazko Antzerki Testuen irabazle 'Greta liburuzaina', larunbatean

Euskalerria Irratia 2017-04-06 08:09   kultura  Nafarroa

Gerora egingo diren saioetara joateko eskola-kanpainan izena eman daiteke oraindik ere, NAEn bertan edo 948 22 92 39 telefonora deituta.

Greta liburuzaina, Haurrendako Euskarazko Antzerki Testuen saria eskuratu zuen antzezlana, apirilaren 8an, larunbatarekin, estreinatuko da Nafarroako Antzerki Eskolan, 18:30ean, LaPiel Producciones konpainiaren eskutik. Maialen Diaz Urriza da egilea, eta antzezlanak Greta liburuzain gaztearen nondik norakoak kontatzen ditu eskatu dioten liburu bat topatzeko egin beharreko bilaketan. Sarrerak sei euroan daude salgai NAEko webgunean (www.laescueladeteatro.com) eta Eskolako leihatilan bertan, ikuskizuna hasi eta ordu eta erdi lehenagotik. Euro bateko deskontu berezia eginen zaie ikuskizuna ikustera gutxienez bost laguneko taldetan joaten diren ikusleei.

Argibide guztiak prentsaurrekoan eman dituzte gaur goizean Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkari Maider Belokik, Nafarroako Antzerki Eskolako ordezkari María Saguések, antzezlanaren zuzendari Xabier Flamariquek eta ekoizpeneko aktore Jaione Urtasunek.

Estreinaldiaz gain, beste hirutan taularatuko da antzezlana apirilean zehar, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak urtero antolatzen duten eskola-kanpaina baten harira. Interesa duten ikastetxeak garaiz dabiltza oraindik izena emateko, Nafarroako Antzerki Eskolan bertan eta 948229239 telefonoan.

Antzezlan bizi eta dibertigarria, eta keinuak haur literatura eta euskal kulturari

Greta liburuzaina antzezlanak Gretaren istorioa taularatzen du, kostarik kosta bere ogibidean onena izan nahi duen liburuzain gaztearen istorioa, alegia. Eskatu dioten liburua topatzeko bidaiari ekingo dio Gretak, eta hor oso pertsonaia bereziekin eginen du topo, liburu galduaren misterioa argitzeko saioan. Antzezlan dibertigarri eta dinamikoa da, bikain hezurmamituko pertsonaiak biltzen dituena, egoera barregarriez mukuru. Testua arina eta hurbila da, eta erreferentzia ugari egiten dizkio haur-literaturari eta euskal kulturari, eta keinu egiten die zenbait gai interesgarriri ere, besteak beste, genero berdintasunari.

Haurrendako antzerki testuen lehiaketak bi modalitate ditu, gaztelaniazkoa eta euskarazkoa, eta antzezlana ekoizteko aukeraz gain, 2.500 euroko diru-saria jasotzen dute modalitate bakoitzeko irabazleek. 2016. urtean, XXV. edizioan, 51 lan aurkeztu ziren, eta Tania Castillo mexikarra eta Maialen Diaz Urriza iruindarra izan ziren saridunak, gaztelaniazko eta euskarazko modalitateetan, hurrenez hurren.

Maialen Diaz Urriza, egile sariduna eta baita aktorea ere

Antzerkia eta hezkuntza uztartu ditu Maialen Diaz Urriza aktoreak bere ibilbide profesionalean. Nafarroako Antzerki Eskolako Interpretazio gradua du (2006-2009), Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lehen Hezkuntzako Irakasle-ikasketa gradua (2009-2014) eta Errioxako Unibertsitateko Goi-mailako Antzerki-ikasketetako masterra (2015). Gaur egun Interpretazioko bigarren maila egiten ari da Madrilgo William Laytonen laborategian, bai eta Antzerkia eta Hezkuntzari buruzko graduondokoa Vic hiriko Institut del Teatre delakoan.

Aktore-lanak egin ditu El mundo al revés, Una escuela de bufones, Sagar biltzailea, Haro modernoak, Dena da gezurra eta Txistu bizian lanetan, eta Espigas con raíces bikoizteko lanetan parte hartu du. Hezkuntza-alorrean, antzerki-eskolak eman ditu eskolaz kanpoko jarduera bezala, baita hainbat ikastaro ere: Nafarroako Antzerki Eskolako Antzerki-teknikei buruzko hastapen-ikastaroa nerabeentzat, Hezkidetza jolas dramatikoaren bidez, Jolas dramatikoa eta Antzerki eta literatura lantegia.

NAE eta LaPiel Producciones konpainia, antzezlanaren ekoizleak; eta Xabier Flamarique, zuzendaria

Antzezlanaren ekoizpen-lana NAEk eta LaPiel Producciones konpainiak egin dute. Iruñeko kultura elkarte horrek bestelako diziplina artistikoak lantzen ditu, baina batez ere antzerki munduan jarduten du. Taldea 2013an sortu zen, funtsean NAEko ikasle ohiek osatzen dute, eta gaur gaurkoz lau lan taularatu ditu: Palabras Encadenadas, Afortunadamente Mal – El tragicómico cabaret social, Obra Póstuma eta Locutorium.

Greta liburuzaina lanaren zuzendaritza-lanak Xabier Flamariquek egin ditu. Tafallako ikastolaren zenbait sormen-lanetan parte hartu ostean Gabalzeko Teatroren kide egin zen. Nafarroako Antzerki Eskolan egin zituen ikasketa profesionalak 2007an, eta ordutik hona, ekoizpenetan parte hartu du, besteak beste, Aran Aran, Puntido, El Bardo eta LaPiel konpainiekin. Espezializazio-ikastaroen bitartez osatu du Xabierrek prestakuntza. Egun, aisialdiko monitore eta haurrendako antzerki-irakasle lanetan dihardu.

Laura Villanueva, Fermín Cariñena, Jaione Urtasun, Iker Bengotxea eta  Xabier Artieda, aktore lanetan

Laura Villanueva, Fermín Cariñena, Jaione Urtasun, Iker Bengotxea eta Xabier Artieda aktoreek hezurmamituko dituzte pertsonaiak. Laura Villanueva aktorea da, bai eta antzerki eta musika irakaslea zenbait ikastetxetan. NAEn jaso zuen prestakuntza, eta eskolako zenbait ekoizpenetan aritu da: El mundo al revés, Una escuela de bufones eta Historia de Muri, un lémur con mochila. Horrez gain, parte hartu du Sagar biltzailea eta Luna eta Piratak lanetan, zeinek Iruñeko Udalak antolaturiko haurrendako euskarazko antzerki-testuen lehiaketa irabazi zuten, 2010ean eta 2015ean, hurrenez hurren. Halaber, zenbait antzerki-taldetan aritu izan da, esaterako Endeca Teatro eta Trasteando konpainietan.

Fermín Cariñenak 17 urte zituela sortu zuen EN+KARA2, eta 2006 eta 2008 bitarte zenbait obra idatzi eta zuzendu zituen: Romeo y Julieta no son de este planeta, La Casa de Bernarda Alba eta El Sastrecillo Valiente. Getxoko Antzerki Eskolan hasi zituen Arte Dramatikoko ikasketak eta Yonunka Teatro konpainia sortu zuen. Dantzari eta aktore aritu da Camino a Ítaca eta Atarrabia 1512 ikuskizunetan. NAEn Arte Dramatikoko ikasketak egin ostean, ikus-entzunezko lanak egin zituen ITP Producciones eta LaPielekin, eta bere ibilbide profesionalaren tarte horretan egin zuen topo Jaione Urtasunekin. Jaione txikitatik hasi zen Nafarroako Antzerki Eskolako antzerki-lantegiak egiten, eta Ferminen antzera, 17 urterekin hasiko da EN+KARA2 konpainiarekin lanean; Getxon urtebetez Stanislavski metodoarekin trebatu ostean, Yonunka Teatro konpainia sortu zuen.

Iker Bengoetxea bikoizketa-aktorea eta abeslaria da 2003az geroztik. Estilo desberdinetako banden ahotsa da, eta Iruñeko Orfeoiko kide. Besteak beste, honako lan eszeniko hauetan aritu da: Luisa Fernanda antzezlanean, Anibalen rolean, Iruñeko Gayarre Antzokia Udal Fundazioan; Nafarroako Ganbera Operaren L’ocassione fa il ladro antzezlanean, Don Eusebioren paperean; Baluarte Fundazioaren Las Bodas de Fígaro obran, Don Curzioren paperean; eta La Bohème delakoan, Parpignol hezurmamitzen. Halaber, Golden Apple Quartet & Kanpingags-ek ekoiztu eta zuzendutako Galipotx, Karabas eta Goibel musika-antzerkiko ikuskizunetan parte hartu du.

Nafarroako Antzerki Eskolan jaso du arte-prestakuntza Xabier Artiedak, bai eta Mar Navarro eta Andrés Hernándezen Eskolan ere. Iruñeko Orfeoiarekin osatu du bere musika-prestakuntza, eta Kon-mocion Cance Company taldearekin, besteak beste. Eskarmentua dauka hala antzerkian (La fura dels baus, EnBoca Teatro, Aran-Aran Teatro eta Endeka Teatro) nola telebistan (Goenkale) eta dantzan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa