Naparraren gorpua bilatzeko lanak hasiko dituzte gaur

Euskalerria Irratia 2017ko api. 4a, 09:04
Paco Etxeberria, Eneko Etxeberria eta Iñigo Iruin. Arg:eitb.eus

Landetako (Frantzia) harizti batean ariko dira Jose Miguel Etxeberria Naparraren gorpuaren bila. Jendarmeak izanen dira indusketa lanak egiten. 

1980ko ekainaren 11tik, inork ez dauka Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren berririk. Komando Autonomo Antikapitalistetako kide zen (ETAtik banandutako talde bat zen KAA), eta egun horretan hitzordu bat zuen Ziburun (Lapurdi); ez zen agertu. BVE Batallon Vasco Español talde paramilitarrak bere gain hartu zituen haren bahiketa eta hilketa, baina kasua, bi aldiz auzitegietan izan arren, ez da argitu. Naparraren senideek eta abokatuak Iñaki Errazkin kazetariaren bidez lortu eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi duten informazioan oinarritzen da gorpua bilatzeko eskaera. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Espainiako zerbitzu sekretuekin eta estatu terrorismoarekin ustez lotura izan zuen pertsona batek Errazkini esandakoaren arabera, Naparraren hilotza aipatutako toki horretan legoke. Errazkinek eta Etxeberria auzi medikuak deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzitegian, halaber, familiaren DNA lagin bat dute, egiaztatzeak egiteko.

Naparraren gorpua bilatzeko lanak hasiko dituzte gaur, Landetan (Frantzia), Baionatik 130 bat kilometrora, Brocas eta Labrit artean, D-651 errepidearen 53-54 kilometroetan dagoen harizti batean. 09:30ean hasiko ditu indusketa lanak Jendarmeriaren talde batek, Laurent Lesaffre koronela buru. Han izango dira, besteak beste, Eneko Etxeberria anaia, Iñigo Iruin abokatua eta Paco Etxeberria auzi medikua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!