Lan babestuari esker 825 bizilagunek izan dute lanpostu bat 2016an

Euskalerria Irratia 2017ko api. 4a, 08:30

Gizartean bazterturik dauden herritarrei babes handiagoa eman zaiela berretsi du kontseilariak. 

Gizarte Lan Babesturako politiken inguruan eta larrialdi sozialean daudenei bideratutako laguntzen inguruan mintzatu da gaur Miguel Laparra Eskubide Sozialetarako presidenteorde.

Iazko datuak aurkeztu ditu hasteko.

Gizartean bazterturik dauden herritarrei babes handiagoa eman zaiela berretsi du kontseilariak.

Lan Sozial Babestuaren bitartez egunerokoan ohiturak berreskuratzea eta abilezia garatzea da helburua. Alegia, enplegu arrunt batean garatzea lortzea; formakuntza eskuratzea eta bide horretan lagunduta sentitzea da bilatzen dena.

Gauzak horrela, 2016an hazi egin da lan babestuaren eskaintza egin duten entitate, udal eta mankomunitate kopurua eta dagoeneko 44 dira. Erriberan handitu da gehien aukera hori, alegia, krisiak gehien kolpatu duen eremuan.Balantze positiboa egin du Laparrak, nahiz eta hobetzeko daudenak ere nabarmendu dituen: lan horietan %45 emakumeak izan dira. Datu hori hazteko, neurriak planteatu dira aurtengo programan.

Lan Sozial Babesturako laguntzak udalek, mankomunitateek eta entitateek ko-finantziatu egiten dituzte, eta, azken urtean nabarmen erraztu da burokrazia kontua.

Larrialdi Sozialerako laguntzen artean ere hazi egin da horiek behar izan dituzten herritar kopurua. Guztira 5.000 pertsonak izan dute aukera laguntza hori jaso eta beharrizanak ordaindu ahal izateko. Bost taldetan sartzen dira halako laguntzak:

  • Lehenengoak ostatuarekin du zerikusia, alokairua ordaintzeko, hipoteka edo logela bat alegia. 1.834 pertsonari lagundu zaie.
  • Bigarren atal batean oinarrizko hornidura zerbitzuekin du zerikusia. 1.040 bizilagunek behar izan dute laguntza, argindarra, gasa, zaborrak eta ur fakturak ordaintzeko, gehienei, kalefakzioa ordaintzeko bideratu zaie dirua 870 herritarrei, hau da, pobrezia energetikoa deritzogunari aurre egiteko.
  • Hirugarren atalean leudeke elikadura eta higienea. Horretarako 2.021 pertsonari helarazi zaie laguntza.
  • Laugarren atalean hezkuntzaren inguruko laguntzak daude, 383 herritar.
  • Azkenik, bestelako beharrak kubritzeko atala ere badago.

Heldu den urteari begira, antzeko irizpideekin eginen dute programa honen deialdia. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!