Desegokiak dira 112-ra egiten diren deien herena baino gehiago

Euskalerria Irratia 2017ko api. 3a, 08:48

> 910.765 dei jaso zituen 2016ean 112 telefonoak eta horietatik 336.983 "desegokiak" izan ziren. 
> Pertsonen bizitza edo euren ondarea arriskuan dagoenean deitu behar da bakarrik SOS Nafarroa-ra.

112 telefonora egiten diren deiak "egokiagoak" izan daitezen neurriak hartuko dira. Izan ere, asko dira herritarrek SOS Nafarroara egiten dituzten deiak desegoki. 2016an 910.765 dei jaso zituen 112 telefono zenbakian, horietatik, 336.983 ez ziren egoki egindakoak eta 4.475 ordu xahutu zituzten horien erruz telefonoari arreta eskaintzen dioten langileek.

Larrialdietarako erabili behar da 112 telefono zenbakia. Osasun larrialdiak, istripuak, suteak, ingurumenean izandako hondamendia, genero indarkeria… eta halako kasuetan laguntza eskatzeko da baliagarria SOS Nafarroak duen arretarako telefonoa. Baina kasuen %37an ez dute deia ongi egiten: ez dute helburu dei horiek larrialdi egoera erreal bati aurre egitea. Informazioa eskatzeko edo garrantzi gutxiko kontsultak egiteko deiak dira asko. Horien ondorioz, benetako larrialdia duten bestelako deiak kaltetuak izaten dira.  SOS Nafarroaren 112 telefonora deitu behar da bakarrik kasu hauen aurrean: pertsonen bizitza arriskuan dagoenean edo euren ondarea arrisku larrian dagoenean, osasun arreta berehalakoa behar dutenean eta beharrezkoa denean larrialdi zerbitzu desberdinen koordinazioa abian jartzea. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!