Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hamaika ikerketa-talde sartu ditu Bikaintasun Taldeen zerrendan, ANEP Ebaluazioko eta Prospektibako Agentzia Nazionalak kanpo-ebaluazioa egin ondoren. Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren organismo bat da ANEP, eta ikerketa-proiektuen eta -taldeen kalitate zientifiko-teknikoa balioesten du. Horri esker, NUPeko Ikerketa Batzordeak Lehiakortasun Planean sartu ditu hamaika talde horiek, eta, beraz, finantzabide hobea izango dute lau urtez entitatearen aurrekontuen bidez.
ANEPen 2016ko ebaluazioan, ikerketa-talde hauek kalifikatu dituzte bikaintasun-talde gisa (arduraduna, parentesi artean): Komunikazio optikoak eta aplikazio elektronikoak (Manuel López-Amo Sainz), Espazioko estatistika (Ana Fernández Militino), Landareen fisiologia eta agrobiologia (César Arrese-Igor Sánchez), Genetika eta mikrobiologia (Lucía Ramírez Nasto), Antenen taldea (Íñigo Ederra Urzainqui), Hugo Grocio (Inés Olaizola Nogales), Enpresen antolaketa (Martin Larraza Kintana), Materialen propietate fisikoak eta aplikazioak (Cristina Gómez Polo), Laboreen babesa (Primitivo Caballero Murillo), Erreaktore kimikoak: katalitikoak eta polimerizaziokoak (Luis Gandía Pascual) eta Ingurumen-teknologiak eta -aplikazioak (Andoni Gil Bravo).
Ikerketa-taldeak dira ikerketa egituratzeko eta antolatzeko Unibertsitatean dauden oinarrizko unitateak. Taldekideen borondatez eratzen dira, arduradun bat izaten dute, eta ikerketa-lerro komun batzuk, eta ikerketa laguntzeko deialdi publiko (Europar Batasuna, Espainiako eta Nafarroako gobernuak...) eta pribatuetara aurkezten dituzte proiektuak. Finantzabidea lortzeko, erabakigarriak dira ikerketa-taldearen kalitatea, ibilbidea, bikaintasun-maila eta ikerketa-profila.
Ekimen aitzindaria Espainian
Azken hamabost urteetan, ikerketarako NUPen barne-politika osoa talde horiek indartzera bideratu da. Horretarako, taldeen etengabeko hobekuntza sustatu da, hala oinarrizko ikerketan nola orientatuan, eta ezagutza sektore produktiboari eta gizarteari bestetaratzea. Hori dela eta, etengabe ebaluatzen eta balioesten diete ikerketa-taldeei haien barne- eta kanpo-produktibitatea, horren emaitzen mende baitago taldeen finantzaketa.
2005ean abiarazi ziren Sustapen Planaren (urteroko barne-ebaluazioa) eta Lehiakortasun Planaren (bi urtean behingo kanpo-ebaluazioa) bidez gauzatu da ekimena. NUP aitzindaria da Espainian ikerketa-taldeak indartzeko estrategia eta kanpo-ebaluazioa erabiltzen.
Zehazki, Lehiakortasun Plana ANEPek ikerketa-taldeei egiten dien kanpo-ebaluazioko prozedura batean oinarritzen da. Aurten, 100 puntutik 87 baino gehiago lortu dituzten eta sailkapen globala A edo B duten ikerketa-taldeak sartu dira Planean.