Hamar haurretik hiru pobre dira Nafarroan

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 30a, 12:13

"Haurren pobreziari aurre egitea etorkizun hurbileko erronka izan behar da". Errealitate Sozialaren Behatokiak egindako txostenaren arabera Nafarroan 2008 eta 2014 urteen artean haurren artean pobreziak asko egin du gora. 

Krisia hasi zenetik pobreziak zer nolako bilakaera izan duen aztertu du Errealitate Sozialaren Behatokiak. Erreferentzia izan da “ainguratutako pobrezia” txosten hau egituratzeko. Pobrezia gogorrean bizi direnak orain, 2008an baino gehiago dira: %8,4tik %10,1era pasa da. Alegia, 2008an 51.000 herritar ziren egoera horretan eta 2014an 62.000 bizilagun ziren. Horrez gain, pobrezian erortzeko aukera handitu egin zen epe horretan ere, %21,1etik %27,4ra.

Urte tarte hori kontuan hartzean errealitatearen isla xeheagoa ematea ahalbidetzen du Patxi Tuñon Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendari nagusiaren esanetan. Ziklo ekonomiko konkretu bat hartu dute kontuan, krisi garaia hain zuzen ere.

Pobreziak gora egin du haurren artean

Kezkatzeko datuak azaleratu ditu txostenak: 16 urtetik beherako haurren artean 2014an pobre gehiago zeuden 2008an baino. “Haurren artean dagoen pobrezia tasa zein den ikusita, erronka izan behar da etorkizun hurbilean aurre egiteko neurriak hartzea”, azaldu du Tuñonek.

Pobreziaren feminizazioa

Emakumeen artean indar handiagoa izan du krisiak eta ondorio larriagoak eragin ditu. Pobrezia gehiago dago emakumeen artean eta arrisku handiagoa dute pobrezian erortzeko. Are handiagoa da arriskua 65 urtetik gora duten emakumeen artean.

Etorkinen artean, pobrezia areagotu egiten da

Jatorriak ere badu pobreziarekin harremana. Nazionalitate espainiarra dutenek baino gehiago dira pobreak beste herrialdetatik etorritako herritarrak. Etorkinen artean 2014an %70 pobreak ziren, eta nafarren artean %20.

Non bizi, hala bizi

Nafarroako iparralderagoko herrietako biztanleak baino pobreagoak dira Nafarroako hegoaldeko herritarrak. Tuteran, Tafallan eta Lizarraldean krisiak eraginda, pobrezia mailak ere gora egin du.

Datuak gordinean:

  • Pobreziak gora egin du sei puntu portzentualetan.
  • Haurren artean hazi egin da pobrezia: 10etik 3 haur pobrea zen 2014an Nafarroan.
  • Jaio zaren herrialdearen arabera ere, aldatu egiten da pobre izateko arriskua.
  • Nafarroan, iparraldean baino pobreagoak dira hegoaldean.
  • 65 urtetik gorako herritarren artean pobreziak eragin handiagoa du emakumeengan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!