2007an Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitatek, Galiziako Xuntak eta Balearretako Governek sinatu zuten hizkuntza-politikari dagokion Lankidetzako Protokolo orokorrarekin bat egitea onartu du Nafarroako Gobernuak gaurko saioan. Erabaki horren arabera, baimena ematen zaio Euskarabidea Euskararen Nafarroako Institutuko zuzendari kudeatzaileari, protokoloa sinatzeko.
Protokoloa sinatzen duten aldeek hizkuntza-politiken arloan elkarrekiko lankidetza garatzeko esparru orokor bat eta metodologia bat finkatzeko nahia adierazten dute. Horrela, komunikazioaren arloan, erakunde sinatzaileek elkartrukatu egingo dute bilakaera soziolinguistikoaren jarraipenerako azterlanei eta ikerketa-lanei buruzko informazioa, beren argitalpen elektronikoen zabalkundea, hizkuntza-eskubideen inguruan emandako urratsak, hizkuntza-planak ezartzeko esperientziak, berariazko hizkuntza-planak, eta programen jarraipenari eta ebaluazioari dagozkien esperientziak edo metodologiak.
Terminologien esparruan, lanerako metodologiei eta prozesuei buruzko informazioa, terminologia normalizatzeko irizpideak, terminologiak hedatzeko eta ezartzeko estrategiak eta ezarpen-mailaren jarraipena egiteko metodoak partekatuko dituzte.
2016ko maiatzaren 14an, hainbat komunitatetako hizkuntza-politiken arduradun nagusiak elkartu ziren Valentzian, mintegi batean; han, Nafarroako Gobernuko ordezkariek azaldu zuten protokolo horrekin bat egin nahi zutela, esparru horretan indarrak batzeko interesa zutela-eta. Protokoloaren Jarraipen Batzordeko kideek, dagozkien gobernuen ordezkari gisa, aho batez onartu zuten Nafarroako Gobernuaren atxikitze-eskabidea; lehenbailehen izendatuko ditu Nafarroak bere ordezkariak, eta eskubide osoko kide gisa sartuko dira 2007an sinatutako protokoloaren harira sortutako Jarraipen Batzordean, egokitzen zaizkien eginkizun, eskubide eta betebeharrekin.
Atxikitzeko protokolo hori sinatzen denetik 2017ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta tazituki luzatuko da urtez urte.
Neurri eta ekintza arautzaileak
Halaber, Estatuko Administrazioaren eta Europar Batasunaren esparruan hizkuntza ofizialei ematen zaien babesari eta erabilerari dagokionez, sinatzaileek Estatuak eta Europar Batasunak neurri eta ekintza arautzaileak hartzea sustatuko dute, eta erakunde horietan gaztelera ez den beste hizkuntza ofizialak erabiltzeko aukera bultzatuko dute, hala nola Kongresuan eta Senatuak, Justizia Administrazioan eta Estatuko sozietateetan; gainera, Estatuko erakundeek hizkuntza horiek normalizatzeko politika aktiboak bultzatzera bideratutako neurriak sustatuko dituzte.
Esparru sozioekonomikoak, argitalpen eta azterlan ofizialen aleak elkartrukatuko dituzte, baita legeak, erregelamenduak eta xedapen arautzaileak ere.
Jasotzen diren beste alderdi edo esparru batzuk dira irakaskuntza, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, hizkuntzaren erabilera soziala eta nazioarteko zabalkundea.
Azkenik, urtero ekintza plan bat egitea jotzen da protokoloa zehazteko funtsezko tresnatzat.