Francisco Falcone Lanas Nafarroako Unibertsitate Publikoko Smart Cities Institutukoa da (ISC), eta ponentzia hoberenarentzako saria lortu du Sentsoreei eta beren Aplikazioei buruzko Nazioarteko 3. Biltzarrean (3rd. International Electronic Conference on Sensors and Applications. ECSA-3). Konektatutako hari gabeko gailuen dentsitate handiko inguruneetan komunikazio sareak eraginkortasun handiagoarekin kudeatzeko simulazio tresnak deskribatzen ditu saritutako artikuluak. Lan hori irakasle eta ikertzaile hauekin lankidetzan egin da: José Javier Astráin Escola, Peio Iturri López, Jesús Villadangos Alonso NUPeko ikertzaileekin (hirurak Matematika eta Informatika Sailera atxikiak) eta Erik Aguirre Gallego (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saila), eta Leyre Azpilicueta Fernández de las Heras, Monterreyko (Mexiko) Institutuko Teknolgikoko irakasle ikertzailea.
Eraikin baten barnealdearen simulazioaren adibideak Goiko irudian, sei nodo edo konexio puntu, komunikazio sareek behar duten potentzia handiagoa da (kolore berdeak eta urdinak). Beheko irudian, 57 nodo, potentzia txikiagoa da (horiak eta laranjak).
“Hiri adimendunen eta gauzen Interneti dagokienez, funtsezko elementuetako bat da denbora errealean edo ia errealean komunikatu ahal izatea gailu desberdinekin —azaldu du Francisco Falconek, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko zuzendariak—. Nolanahi ere, elkarri konektatzen diren gailu ugaritasunaren arazoa dago. Horrek esan nahi du aldi berean kudeatzea sentsoreak etxeetan, ibilgailuetan edo giza gorputzean, ‘wearables’ izenekoen edo teknologia ezargarriaren bidez, eta esaterako argiztatze publikoko sistemetarako, zaborrak biltzeko edo eremu urdina kontrolatzeko baliagarriak direnak”.
Zenbait egoeraren azterketa
Saritutako lanak egoera jakin batzuen azterketa egiten du, hots, hari gabeko banaguneen, aldi berean transmisore eta hargailu bat duten gailuen (esaterako, erabiltzaileen gailu mugikorrak, sentsore sareak, wifi publikoa eta pribatua...) dentsitate handiko egoerena, sistema horiek guztiek ongi funtziona dezaten.
“Konektatzen diren elementuen kopuruaren dentsitate hazkundea erronka da gaitasunaren kudeaketari eta interferentzien kontrolari dagokienez —esan du Francisco Falconek—. Hori dela-eta, NUPen diseinatutako tresnekin ingurune horien simulazio bat egin daiteke, ahal den modurik zuzenenean, beren portaera zein den aztertzeko. Informazio horrekin abian jar daitezke hobetzeko mekanismoak bai gailuen konfigurazioan, bai komunikazio sareen diseinuan eta ezarpenean, kontuan hartuta haietako batzuek aldi berean funtzionatzen dutela”.
Sentsore eta Aplikazioei buruzko Nazioarteko 3. Biltzarra “online” egin da, eta ikertzaile talde batek antolatu du Suitzako MDPI (Multidisciplinary Digital Publishing Institute) zientzia-argitaletxearen eta “Sensors” aldizkari espezializatuaren bidez.