Koldo Badillo euskal argazkilariak gure inguruneko basoetan murgiltzera gonbidatzen gaitu Ziudadelan, gaurtik aurrera, gure arbasoen habitata nolakoa zen sentitzera, eta, nolabait, gure hastapenetaraino bidaiatzera. Argazkien bidez, Badillok basoaren kaosa “ordenatu” du, eta ikus-labirinto bihurtu, entsegu estetiko bat, ikusleei aukera emateko irudizko baso horretan murgiltzeko eta irudimenak piztuko dizkien sentsazioen mende jartzeko.
Egileak berak aurkeztu du gaur prentsaurrekoan Kaosetik labirintora erakusketa, Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek lagunduta. Erakusketa maiatzaren 15era arte egongo da ikusgai, asteartetik ostiralera,18:00etatik 20:30era, larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era, eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.
Erakusketa gaur bertan inauguratuko da, 19:00etan, eta egilea bera bertan izango da. Gainera, interesa duten guztiendako bisita bat eskainiko du apirilaren 2an, igandearekin, 12:30ean. Halaber, Koldo Badillok argazkilaritza-liburuei buruzko solasaldi batean parte hartuko du apirilaren 30ean, igandearekin, 12:00etan, Ziudadelako Bolborategian.
Kaosa ordenatu
Erakusketaren izenburuak basoari buruzko entsegu hau eratzeko egileak egin duen ibilbidea erakutsi nahi dio ikusleari. Koldo Badillok dio basoan murgiltzen direnean, argazkilariei sortzen zaien aurrenengo bihozkada, agian, irudi idiliko bat lortzea dela, eta horren eraikuntzan ordena konkistatzea, baina gehienetan kaosa izango dela garaile. Horregatik, Badillok konposizio klasikoen etsai den horrekin bat egitea erabaki zuen, eta kaosaren barnean edertasuna –eta baita lasaitasuna ere– bilatzea: 200 mm-ko teleobjektibo batez hornituta, inguratzen zuen paisaiari begiratzeari ekin zion, halako distantzia batekin, lehen iritzitik haratago bilatuz.
Hala, Badilloren baso-irudietan begiradak jauzi egiten du lerrotik lerrora, irten egiten da enkuadretik, eta berriro sartzen, interesgunearen xerka dabil, baina ezin hura aurkitu, eta galdu egiten da, noraezean dabil... Modu horretan argazkilariak basoaren kaosetik irudietako labirintora igaro da, bilaketa horretan kolore berezizko hondoen laguntza hartuta. Horiek dira Koldo Badillok entsegu estetiko gisa ulertu eta sortu duen lan honen hari eroaleak.
Euskal Herriko basoetan, EAEn, Nafarroan eta Iparraldean barna, ibilitako hainbat urteren emaitza da erakusketa. Emaitza estetikoaz eta ikusleari proposatutako bidaiaz gain, erakusketa honen bidez Badillok basoak zaindu eta babestearen aldeko lanari lagundu nahi dio, hondar ale hau tarteko.
Egilea
Koldo Badillo Urduñan (Bizkaia, 1958) sortu zen eta Lizasoainen bizi da 1999az geroztik. Lizentziaduna da Biologia Zientzietan EHUn, Biokimika espezialitatean. Hala ere, bere ibilbide profesionala beti irudiaren munduari lotuta egon da, izan argazkigintzari izan ikus-entzunezkoei. 1998an kamera-kontrolatzaile, argiztatzaile eta telebistako errealizadore lanetan hasi zen telebistako K-2000 ekoiztetxean, eta 2006an irudi-zuzendari lanetan, Bainet TV ekoiztetxean. Frontón aldizkariko argazki-zuzendaria izan da, mendi eta bidaiei buruzko hainbat aldizkari eta gidetako kolaboratzailea, etabeste hainbatekin batera Portfolio Natural (Fotografía de Naturaleza de Autor) kolektiboa sortu zuen, 2003an. Colores de Navarra (2005), Natura (2011) eta Los ríos más bellos (2015) liburuen egilea da.
Badillok ehun sari inguru irabazi ditu Estatu osoko lehiaketetan: Bilbo, Salamanca, Sahagún, Zarautz, Irun, Iruña, etab. Halaber, hogeita hamar bat erakusketatan parte hartu izan du, hala bakarkakoak nola taldekakoak, Donostian, Bilbon, Madrilen, Tarrasan, Zarautzen, Zaragozan, Iruñean, Eibarren, etab.
Orain Ziudadelako Bolborategian dagoen erakusketak hainbat jaialditan parte hartu izan du 2016an: Montseny jaialdian (Bartzelona), Bilboko Bilboargazki jaialdian, Eibarko Argazkilaritza maiatzean jaialdian, Calellako Festimage jaialdian (Bartzelona), eta Igorren (Bizkaia) eta Tafallan ikusgai egon da.