Ingurumen Hezkuntzako Plana: ikasleentzako programak aregotuta eta herritarrengandik gertuago

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 28a, 08:09

Parte-hartzea % 10 igotzea da 2017rako helburua, eta hori lortzeko, Museoan jarduerak pilatu beharrean kalera aterako dira, Iruñeko Udalak jakinarazi duenez.

Iruñeko Udalak gaur goizean aurkeztu du Ingurumen Hezkuntzako Plan Estrategikoa, zeinak ezartzen baititu arlo horretan jarduteko printzipioak eta lan ildoak, ardatz hartzen dituelarik gizarte osoaren inplikazioa ingurumen-proiektu eta -ekimenetan. Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak, Alorreko zuzendari Camino Jasok, eta udal-teknikari Ana María Domínguezek eta María Sotok azaldu dituzte planaren edukiak: espazioen berrantolaketa eta ordutegi berriak, eskola-programa berriak eta herritarrendako jarduera berrien sustapena jorratzen dira, besteak beste.

Sei printzipiotan oinarritutako ingurumen hezkuntzaren alde agiten du prestatutako planak. Hartara, ingurumen-hezkuntzak izan beharu du: gizarte- eta ekonomia-eragileekin batera koordinatua eta integratua, komunikazioa erraza eta arina izan dadin eta dauden baliabideak ondo erabiltzen direla bermatze aldera; hiria eraldatzeko modukoa; herritarrei begira proaktiboa, partizipatiboa eta parte-hartzea erraztuko duena; berritzailea eta dinamikoa esperientzia propioetan eta beste esperientziekiko loturari dagokionez; eta azkenik, koherentea hitzetan eta ekintzetan. Iazko azaroan Ingurumen Hezkuntzako Museoa Udalaren esku jarri eta Udalaren plantilla organikoan Ingurumen Hezkuntzako Lantaldea sortzearekin batera egindako hausnarketa, ikerketa eta lanaren emaitza da plan hau.

Dokumentuaren sei ildo estrategikoetan islatzen dira aipatu printzipioak, ingurumen-hezkuntzako kontzeptu berriaren oinarriak, alegia. Ezinbestekotzat jo dira lan ildo hauek: batetik, ingurumen-hezkuntza txertatzea Udalean, hezkuntza-komunitatean eta herritarrak aintzat harturik oro har, eta, bestetik, ingurumen-hezkuntzako ekipamenduen (Museoa, adibidez) kudeaketa, prestakuntza eta komunikazioa zein hedapena. Aurreikuspenen arabera, plana eta haren ildo estrategikoak abian jartzen direnean % 10 handituko da, 2017an, herritarren parte-hartze eta herritarrengan eragiteko gaitasuna. Aurten abiaraziko da plana, eta trantsizio moduko fase bat egonen da hezkuntza-programa berriak martxan jartzeko eta aurreikusi diren espazioak berrantolatzeko. Ingurumen Hezkuntzako Plan Estrategikoa dokumentu publikoa da, eta, hortaz, eskatzen duen pertsona ororen eskura jarriko da, kontsultarako.

Hezkuntza-programak eta herritarrengana hurbiltzea

Hezkuntza-programei dagokienez, hiru proposamen berriren abiarazpena jasotzen du planak. Ingurumen-hezkuntzako programa bat abiaraziko da ikastetxeetan Eskoletako Agenda 21 metodologiarekin bat, beste bat eskola-baratzen inguruan, eta hirugarren jarduera-programa bat, zeinak unean uneko jarduerak –gidatuak eta autogidatuak –antolatuko dituen Ingurumen Hezkuntzako Museoan. Horrenbestez, ikastetxeen premiei erantzuteko hezkuntza-eskaintza zabala eman nahi da, eta ingurumen-hezkuntzan sakontzen duten programak sortu nahi dira, beste erakunde publikoekin, udal-alorrekin eta elkarteekin elkarlanean –esate baterako, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin; Udaleko Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorrarekin, Hiri Segurtasunekoarekin eta Mugikortasunekoarekin; Helianto Kolektiboaren Erriberako Eskola-Baratze Sarea proiektuarekin–. Orain arteko programak (Jasangarritasunaren aldeko Hezkuntza eta Energia Ezagutu eta Kontza Ezazu) ekainera bitarte eskainiko dira, eta programazio berria datorren ikasturteari begira abiaraziko da.

Herritarrei begira egindako lanari dagokionez, jarduera-eskaintza zabaldu nahi da, orain arte ohiko programaziotik at zeuden jarduera-formatuen bitartez: jardunaldiak, ziklo edo topaketak, lehiaketak eta iraupen luzeko prestakuntza-ikastaroak. Formatu berri horiek ohiko hitzaldi, lantegi eta azokatxoen osagarri izanen dira. Parte-hartzearen eta proaktibitatearen printzipioak aintzat harturik, herritarren beharrei buruzko diagnostikoa egingo da, boluntario-talde bat sortzea bultzatuko da, Ingurumen Hezkuntzako Museoaren espazioak utziko zaizkie eskatzen dituzten erakunde eta kolektiboei, eta beste jarduera batzuk ere egingo dira.

Ingurumen Hezkuntzako Museoko espazioak eta ordutegiak moldatuko dira apiriletik aurrera

Plan Estrategikoak nolabaiteko bilakaera islatzen du, Ingurumen Hezkuntzako Museotik Ingurumen Hezkuntzako Zentrora, hots, informazio, sentsibilizazio, prestakuntza eta parte-hartzerako herritarren jarduera-gune eta jarduketa-eremu bihurtuko da. Instalazioak egokitu beharko dira, espazioak hobeki erabiltze aldera, bai eta irekiera ordutegiak moldatu ere.

Bertara joaten direnen gaineko datu estatistikoen analisiak kontuan hartuta, denbora-tarte laburragoz irekiko du Museoak. Beraz, asteartetik ostegunera goizez eta arratsaldez egongo da irekita; ostiraletan, berriz, goizez soilik. Oraingo ordutegiarekin alderatuta, astean 7 ordu gutxiago irekiko du. Udako ordutegia ere moldatuko da, abuztuaren 1etik irailaren 1era. Guneei dagokionez, areto nagusia egokituko da, patiorako sarbidea egingo da, instalazioak berrantolatuko dira eta hitzaldi-aretoaren antolamendua ere aldatuko da. Halaber, gune berriak sortu nahi dira: ingurumen-dokumentazioko zentro bat eta irakurketa-kafetegi moduko leku bat.

Udalaren lana, prestakuntza eta komunikazioa

Udala ere inplikatu beharko da ingurumen-hezkuntzako kontzeptu berriaren alde. Barneko lanak elkarlana eta koordinazioa eskatzen ditu, beste udal-alorrekin eta erakunde publikoekin; eta eskatzen du, baita ere, udaleko langileak informatzea, sentsibilizatzea eta prestatzea. Ingurumen Hezkuntzako Lantaldea sortzea udal-alor honetan erreferente bat sortzea da, politikak kudeatu eta gauzatu behar diren edukiak eta jarduketak landu ditzan.

Planaren azken bi lan-ildoek prestakuntza eta komunikazioa dituzte ardatz. Barneko prestakuntza sustatu nahi du planak, etenik gabeko hobekuntza-prozesu bat sortu, beste udalerri batzuetako esperientziak ezagutu eta proiektu berriei ateak ireki. Asmo horrekin bisita egin da Gasteizko IGI erakundera (Ingurugiro Gaietarako Ikastegira) eta Noaingo Lorenea interpretazio-zentrora, eta parte hartu da Agroekologiaren aldeko Hirien Sareari buruzko berariazko jardunaldi batzuetan. Halaber, irudi korporatibo batua eratu nahi da, eta materialak sortu, ingurumen-hezkuntzarekin lotuta egiten diren jarduerak eta lana zabaltzeko. Izan ere, posta elektroniko bidezko komunikazioa, sare sozialak, buletinak, jendaurreko arreta eta webgune berria beharrezko tresnak dira ingumenarekin lotutako eduki horiek hedatze aldera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!