Euskal Eskola Publiko Berria eta Hezkuntza Sistema Propioa sortze aldera Sortzen Elkarteak hezkuntza burujabetza du aldarri eta eraikuntza bide. Herri eta auzo bakoitzeko hezkuntza komunitateak bere eskolaren proiektua ahalik eta modu autonomoan garatzeko aukera gisa eta, Euskal Herri mailan hezkuntza komunitateak saretuz, eredu berri, kolektibo eta propioak eraikitzeko bide bezala ulertuta.
Norabide horretan, esparru ezberdinetan antolatutako herri mugimenduek hezkuntzari ekarpen handia egin diezaiokete, arloka burujabetzen eraikuntzarako irizpide eta bideak eskainiz. Sektore bakoitzeko protagonistek euren gain hartzen dute propioki esparru horren inguruko arazoari irtenbidea eskaini eta alternatibak eraikitzeko ardura: auto-eraketa, hausnarketa, erabakiak, elkarlana, auzolana...
Hau dela eta, hainbat esparruetako herri mugimenduetako eta hezkuntza komunitateetako hainbat lagunekin mahai-ingurua antolatu dugu Iruñean martxoaren 30ean, ekarpenak eta proposamenak jasotzeko asmoz. Elikadura, gorputza, hizkuntza, eta curriculum burujabetzetatik hausnarketa eta ekarpenak izanen ditugu mahai-inguruan, elkar elikatuz.
Jaxinto Gomez Viniegra (Mundubat eta Elikaherria eragileetako kidea Elorri eskolako gurasoa), Oihana Lopez Goñi (Bilgune Feministako kidea eta Patxi Larraintza ikastetxeko gurasoa), bego Bitorika Badiola (Ikasle Euskaldun Eleaniztuna sortzeko Proiektuko kidea, langile ikastola publikoko guraso ohia) eta Ruben Iglesias San Sebastian (Orioko Herri Curriculuma egitasmoaren kidea, Zaragueta herri eskolako gurasoa).