Parlamentuak "beharrezko" jotzen du ETAren armagabetzea

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 27a, 20:21

Parlamentuko Mahai eta Eledunen bilera gaur Argedaseko udaletxean.

Gaur Argedasen eginiko saioan Parlamentuko presidenteak armagabetzea babesteko aurkeztutako adierazpena UPNk eta PPk ez beste alderdi guztiek babestu dute.  

Nafarroako Parlamentuak Argedasera eraman du gaur Mahai eta Eledunen batzarra. Parlamentariak han bildu dira, ohiko lekutik kanpo, baina ohi bezala gaurkotasun gaiak hizpide izan dituzte. Adierazpen bat atera dute aurrera, ETAren armagabetzea babesten dutela azalduz. 

ETAren armagabetzea apirilaren 8an iritsiko dela ezagutu genuen duela bi aste. Horri begira jarrita, Parlamentuko presidenteak eraman du adierazpena eta UPNk eta PPk izan ezik gainerako alderdien babesa jaso du, UPNk beste adierazpen bat eraman du, PPren eta PSNren babesa jaso duena. Bakarra eta behin betiko armagabetzea izatea da eskatu dutena, besteak  beste. Bost puntuko adierazpena izan da.

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, PSN eta Ezkerrak babestutako agiriak defenditzen du ETAk "ahalik eta denbora laburrenean alde bakarreko armagabetze, osoa, erabatekoa eta egiaztatua" egitea, "hala aldarrikatzen baitu gizarteak aspaldidanik".

Era berean, Parlamentuak Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak egindako lana babestu du eta armagabetzearen "helburu hori gauzatzeko bere lan ona egiten jarraitzeko" eskatu dio. Gainera, Parlamentuak txalotu du euskal gizarteko erakunde zein norbanakoen inplikazioa. Honekin batera Legebiltzarrak dei egin dio foru gobernuari "ETAren armagabetzea errazteko gestioak egitera". Azkenik, Espainiako zen Frantziako gobernuei galdegin die "armagabetzea burutzen laguntzeko".

Geroa Baiko Koldo Martinezen irudiko, "mementu historikoa eta garrantzitsua" da. "Armagabetzea ez da garrantzitsuena baina bai presa handiena duena. Hau ez da azken unea. ETAk lanak ditu egiteko, adibidez iraganaren irakurketa autokritikoa egitea", aipatu du.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek nabarmendu du "babes zabala" duela adierazpenak: "Erakusten du alderdikeriak utzi eta arduraz jokatzeko gai den gehiengo politiko bat dagoela". Ruizi deigarria egin zaio UPNk eta PPk armagabetzea albiste ontzat ez jotzea. "Penagarria da UPN eta PP adostasunetik at geratzea eta Le Penen alderdi Fronte Nazionalaren pare egotea",

Horren aurrean, Jose Javier Esparza UPNko presidenteak aipatu du "lurralde honetan nazi bakarrak EH Bilduk ordezkatzen dituenak" direla. Esparzaren arabera, adierazpena ez da "nahikoa irmoa", ez diolako ETAri desegiteko eskatzen. "Terrorismoaren astakeria bere bizitzarekin ordaindu dutenen eskutik joan behar da beti".

Bere aldetik PSNko Santos Cerdanek aipatu du "garrantzi handieneko unea" dela eta horregatik bakarrik alderdi guztiek adierazpena babestu beharko luketela gaineratu du. "Atera dezagun hau muturreko jokabideetatik. Denok nahi dugun armagabetze bati buruz ari gara".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!