Arrakastatsua izan da ikasle greba: 15.000 kalera atera dira kalera Hego Euskal Herrian, Ikasle Abertzaleak-en esanetan; Nafarroan, 4.000. Antoniuti plazatik abiatu da manifestazioa, 12:00etan, eta Iruñeko erdialdea gurutzatu ostean, Hezkuntza Departamentuaren aurrean amaitu da. Bidean, Ikasle, altxa; hasi da iraultza, Ikasleria, tinko eta Ez gaituzue geldituko oihuak izan dira, besteak beste. 13:30ean amaitu da mobilizazioa, Departamentuaren aurrean, "hezkuntza eredu propioa" defendatu duen idazkia irakurrita.
Iruñerrian atzo hasi ziren mobilizazioekin: itxialdiak egin zituzten NUPen eta Biurdana Institutuan. Foruzaingoa unibertsitateko campusean bertaratu zen arren, ez zen unibertsitatera sartu.
Hezkuntza, "kapitalaren mesedera"
Hezkuntza sistema "kapitalaren mesedera" pentsatua dagoela salatu du Ikasle Abertzaleakek eta "langile klasea miseriara kondenatzen duela": "Sistemak bere biziraupenerako hamaika mekanismo ditu martxan, eta, kapitala garatu ahala, hezkuntza bera ere aldatuz doa kapitalari mesede egiteko. Horren adibide ditugu azken urteotan inposatu dizkiguten erreformak: erreforma horiek, ez dira ikasleon mesedetarako, eta hauen atzean interes ekonomikoak besterik ez daude. Ezin dugu ahaztu ere aurtengo ikasturtean bukatzen dela LOMCE-ren aplikazioa, azken fase honen erakuslehio ditugularik errebalida ezagunak".
Halaber, eremu akademikoan "banku zein enpresen esku hartze geroz eta gehiago zabaltzen" ari delakoan daude. Bestalde, ikasle mugimenduaren kontrako errepresioa salatu eta "langileriaren mesederako hezkuntza baten alde" lanean segituko dutela ziurtatu du IAk.
"Historiak erakutsi digu sistemari aurre egin diezaiokeen bakarra zapalduon batasuna dela. Hezkuntzan ere ikasleok sistemak eragindako zailtasun ororen aurrean baturik egon behar dugu eta hezkuntzari denok elkarrekin aurre egin behar diogu berau iraultzeko. Hezkuntzan ematen den aldaketa orok denoi eragiten digu, eta, beraz, denok baturik egin behar diogu aurre, kapitalari irabazitako borroka orok sistema bera ahuldu eta zapalduon askapenera hurbiltzen gaituelarik". Topatu.info webgunean irakur daiteke Ikasle Abertzaleak-ek grebaren harira kaleratutako oharra.