"Sistemari aurre egiteko" greba deialdia egin du gaurko Ikasle Abertzaleak taldeak

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 23a, 08:29

Argazkia: Ikasle Abertzaleakek deituriko manifestazio baten irudiak, artxiboko irudi batean.

Hego Euskal Herriko unibertsitateetan zabaldu dute kalera ateratzeko deia, LOMCEri, Heziberriri eta EU2020ri aurre egiteko.

Iruñerrian atzo hasi ziren mobilizazioekin: itxialdiak egin zituzten NUPen eta Biurdana Institutuan. Foruzaingoa unibertsitateko campusean bertaratu zen arren, ez zen unibertsitatera sartu. 

Gaur, 12:00etan eginen dute mobilizazioa, Antoniuti parketik abiatuta, LOMCE, Heziberri, EU 2020; Sistemari aurre egin lelopean.

Hezkuntza, "kapitalaren mesedera"

Hezkuntza sistema "kapitalaren mesedera" pentsatua dagoela salatu du Ikasle Abertzaleakek eta "langile klasea miseriara kondenatzen duela": "Sistemak bere biziraupenerako hamaika mekanismo ditu martxan, eta, kapitala garatu ahala, hezkuntza bera ere aldatuz doa kapitalari mesede egiteko. Horren adibide ditugu azken urteotan inposatu dizkiguten erreformak: erreforma horiek, ez dira ikasleon mesedetarako, eta hauen atzean interes ekonomikoak besterik ez daude. Ezin dugu ahaztu ere aurtengo ikasturtean bukatzen dela LOMCE-ren aplikazioa, azken fase honen erakuslehio ditugularik errebalida ezagunak".

Halaber, eremu akademikoan "banku zein enpresen esku hartze geroz eta gehiago zabaltzen" ari delakoan daude. Bestalde, ikasle mugimenduaren kontrako errepresioa salatu eta "langileriaren mesederako hezkuntza baten alde" lanean segituko dutela ziurtatu dute. 

"Historiak erakutsi digu sistemari aurre egin diezaiokeen bakarra zapalduon batasuna dela. Hezkuntzan ere ikasleok sistemak eragindako zailtasun ororen aurrean baturik egon behar dugu eta hezkuntzari denok elkarrekin aurre egin behar diogu berau iraultzeko. Hezkuntzan ematen den aldaketa orok denoi eragiten digu, eta, beraz, denok baturik egin behar diogu aurre, kapitalari irabazitako borroka orok sistema bera ahuldu eta zapalduon askapenera hurbiltzen gaituelarik". Topatu.info webgunean irakur daiteke Ikasle Abertzaleakek grebaren harira kaleratutako oharra

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!