Errigorako Uztaberria kanpainako olioa eta kontserbak 6.000 etxetara iritsiko dira

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 21a, 19:12

Iaz baino %20 gehiago dira parte hartzen ari diren kontsumitzaileak. 86.500 litro olio eta 208.000 ontzi kontserba banatuko dira datozen asteotan.

Inoizko eskaintzarik zabalena egin du aurten Errigora ekimenak  produktu guztiak konbentzionalean zein ekologikoan eskainiz. Modu berean, eskaintza hori egin ahal izateko ekoizle gehiagorekin lan egin dute  eta  emaitzak ikusgarriak izan dira: Euskal Herriko 6.000 etxetan (iaz baino %20 gehiago) guztira 86.500 litro olio (%15 gehiago) eta 208.000 ontzi kontserba (%30 gehiago) banatuko dituzte ondorengo hilabeteotan. Olio-bidoien banaketaren antolaketa abian da jada eta apirilaren hasieran eginen da banaketa Euskal Herriko 60 bat herritan. Kontserba-loteen banaketa, aldiz, ekaina hasieran izanen da.

Antolatzaileen esanetan “Kanpaina bizia, koloretsua eta emankorra suertatu da. Oso emankorra: Alde batetik, zubi lanak egin ditugu nekazari eta elaboratzaileen artean, eta ekoizle berriak batu zaizkigu inoiz baino eskaintza zabalagoa osatzeko: Nafarroa hegoaldeko oliba-olioa eta zazpi kontserba-lote, denak konbentzional naiz ekologikoan. Errigoraren boluntario sareak ere, gero eta adabegi gehiago du. Gero eta gehiago gara auzolan ariketa honetan geure alea jarri nahi dugunak. Gero eta esku gehiago gure lur eder hau ureztatzeko prest, urtero-urtero uztaberri oparoak erne daitezen. ERRIBERA · ERRIGORA · HERRIGARA eta kontsumitzaileen ikuspegitik ere, lehengoak eta gehiago gara bertoko produktuen alde egiten dugun kontsumitzaile arduratsuak. Bestelako ekoizpen eta merkaturatze eredu baten alde egiten dugunak. Lehengoak eta gehiago gara urtero despentsan Uztaberriarientzako tokia gordetzen dugunak.”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!