Bizikletak uzteko 1.500 aparkaleku eraikiko dituzte

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 16a, 14:06

Argazkia: Bizikletaren eguna, Iruñean.

Hala, 5.500 bizikleta aparkaleku izanen dira Iruñean; %37,9an eginen du gora kopuruak.

Bizikletak aparkatzeko aukera gehiago egonen dira Iruñean, hemendik aurrera: 1.500 plaza, hain zuzen ere. Hala, 5.500 toki izanen dituzte herritarrek txirrindulak lotzeko, Iruñeko auzo guztietan, gainera. %37,9an handituko da eskaintza.

Unean unean plaza gutxien dauzkaten auzoak lehenetsiko dituzte. Kaleko aparlakuez aparte, estalitako parkinak sortu eta iruñean erroldatutakoentzako aparkalekuak ere egokituko dituzte.

Dena hurrengo bi urteetan egitea dute xede, hau da, 2017an eta 2018an, eta 423.6000 euroko aurrekontua bideratu dute horretarako.

Helburua: bizikleta garraio "iraunkorra" dela adieraztea eta aparkatzeko "beharrezko azpiegiturak garatzea". Lehenengo urtean, 1.500 aparkaleku horietatik 722 eraikiko dituztela esan du Alexia Canto mugikortasun arduradunak.

Estalitako aparkalekuak eta kalekoak

Bide horretan, Alde Zaharreko eta Arrosadiako bizilagunentzat 496 bizikleta aparkaleku jarriko dituzte, erroldatutakoentzat. Alde Zaharrekoa Deskalzos kalean egonen da eta 300 leku baino gehiago izanen dira. Horrez gainera, mugituko diren estalpeko aparkalekuak ere jarriko dituzte, liburutegiaren eta kontserbatorioaren inguruan.

Auzoei dagokienez, txirrindula uzteko toki gutxien dituztenak lehenetsiko dituzte: hau da, Etxabakoitz, bizikleta aparkatzeko toki bat bera ere ez duena, Mendillorri, Buztintxuri eta Sanduzelai.

Gauzak nola diren, "autoak eta bizikletak parekatzea" bilatzen dutela esan du Armando Cuenca mugikortasun zinegotziak.

Mila biztanleko hamar aparkaleku 

Auzo guztietan, mila biztanleko hamar aparkaleku egotea da helburua. Lehenengo ezarpen fasean, Etxabakoitzen, Buztintxurin, Sanduzelain eta Mendillorrin jarriko dituzte bizikletak uzteko guneak, besteak beste. Horrez gainera, Sadarren 120 leku  paratzea ere aurreikusi dute. Aipatzekoa da 010 herritarren parte hartze telefonoaren bidez jasotako eskaerei ere bide eman dietela eta horien ondorio izan dela aparkaleku zenbaiten kokagunea.

Bigarren fasean, aparkaleku gehiago jartzeko toki egokiak zeintzuk diren aztertutuko dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!