Zinegoak LGTBI zinema jaialdia Iruñera iritsiko da, lehenengo aldiz, lesbianen, gayen, transexualen, intersexualen eta bestelako identitate zein aukera sexual ez heteronormatiboen berri emateko. Bi helburu dauzka: "sentsibilizazioa eta aniztasuna sustatzea".
Bilbon egin ohi da Zinegoak LGTBI jaialdia, eta zinema baino gehiago da: antzerkia, kale adierazpideak… Iruñera, ordea, lagin txiki bat ekarriko dute: heldu den astean, martxoaren 21etatik 23ra.
Zein pelikula eskainiko dituzte?
Lehenengo egunean, hilaren 21ean, asteartearekin, Daniel Adma zuzendariaren Transit Havana pelikula eskainiko dute, Cuban egiten diren sexu ebakuntzei buruzko lana.
Asteazkenean, Tuterara joanen da jaialdia, Tuterako udalarekin elkarlanean. Eta ostegunean iruñera bueltatuko da zinegoak: film laburren emanaldiarekin. Besteak beste, Gravido, Take your partners, Oh be Joyful eta Home proiektatuko dituzte.
Hegoa, Kattalingune eta udalaren eskutik
Zinegoak Iruñeko Udalak, Hegoa eta Kattaligune elkarteek ekarri dute. "Trans errealitateetan" jarri dute mira aurten bereziki Iruñera iritsi den jaialdiaren hedapenak. Hori adierazi du Kattalinguneko kide Xabi Sanchezek, "trans errealitatea LGTBI komunitateetan bazterrean egon ostean erdigunean jartzeko garaia" dela.
Zinegoak-en helburuak, hauexek: LGTBI komunitatea "ikusgarri" egitea; "ekintza eta alianza politiko, kultural, sozial, ekonomiko eta juridikoak sortzea"; eta sexu zein identitatea sexuala direla medio izandako bazterketei aurre egitea.
Pelikula guztiak jatorrizko bertsioan izanen da, gaztelaniazko azpidatziekin. Informazio guztia Zinegoak-en webgunean aurki daiteke.