Txantreako bi gazte okupaturiko etxetik bota dituzte

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 15a, 13:54

Iruñeko Udaltzaingoak kaleratu ditu bi pertsonak, Caja Españak epaitegietan jarritako salaketaren harira. Kautelazko neurri gisara agindu du epaileak hutsaraztea. Urte eta erdi zeramaten bertan bizitzen.

Bi gazte etxetik kaleratu ditu gaur Iruñeko Udaltzaingoak, Txantrea auzoan. Caja Españarena den etxebizitza batean bizi ziren, orain dela urte eta erdi inguru, izan ere, bankuak hutsik zeukan higiezina. Epaitegietara jo du bankuak eta hutsarazte aginduarekin azaldu dira agenteak etxebizitzan.

Iza Zendea kalean dago pisua, eta gaur goizeko 07:00ak aldera sartu dira udaltzainak, gazteak botatzeko.  Atxilo hartu ez badituzte ere, epaitu eginen dituzte, apirilaren 11n, hain zuzen ere.

Kaleratu bitartean, etxetik jaisterako 08:15ak inguru ziren arren, makina bat auzokide batu dira gazteei elkartasuna adierazteko asmoz.

Emantzipazio Bulegoaren babesa

Txantrean Emantzipazio Bulegoa sortu zuten orain urte batzuk, aholkularitza juridikoa eta teknikoa eskaintzen dituen egitura, eta, beraz, antolatutako sare bat existitzen da etxebizitzaren aldeko mugimenduan.

Kaleratzearen ostean, auzo batzarra deitu du Txantreako Emantzipazio Bulegoak. Gaur izanen da, arratsaldeko 18:00etan, Auzotegin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!