Urmenetak ezinen du zezen urdina marraztu

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 14a, 14:04

> Epaileak enpresari eman dio arrazoia: marrazkilari iruindarrak ezinen ditu marraztu “Kukuxumusu Unibertsoko marrazkiak”.
> Urmenetak helegitea aurkeztuko duela iragarri du, sare sozialen bidez.

Iruñeko Merkataritza Arloko 1 Epaitegiak Kukuxumusu enpresako nagusi berri Ricardo Bermejori eman dio arrazoia, eta Mikel Urmeneta sortzaileari kendu.

Urmenetak eta Katuki Saguyaki markako beste lau marrazkilarik ezinen dituzte erabili “Kukuxumusu Unibertsoko marrazkiak” kamisetetan, sistema informatikoetan, sare sozialetan zein beste “edozein euskarritan”. Eta ezinen dituzte marrazkion “adaptazioa edo transformazioa egin beste edozein eszena, egoera edota abentura berritan kokatuz”.

Epailearen irudikoz, Urmenetak eta beste marrazkilariek hori guztia egiteko eskubidea galdu zuten, Kukuxumusu Unibertsoko 15.000 “marrazkien jabego intelektualari dagozkion eskubide ekonomikoak Kukuxumusuren esku utzi zituztelarik, kontratu bidez”.

Horretaz gain, Urmenetak eta beste marrazkilariek kalte ordaina eman beharko diote Kukuxumusuri. Izan ere, “frogaturik geratu da shopkatukisaguyaki.com webgunean salduriko kamisetetan estanpaturiko  marrazkiak Kukuxumusu Unibertsokoen (…) kopiak edo transformazioak direla”.

Epailearen arabera, “transformazioak aski berritasunik balu, ez litzateke jabego intelektualeko eskubideak urratuko”; izan ere, Kukumuxuren abokatuak epaiketan zehaztu zuen “helburua ez zela demandaturiko marrazkilariek ezin erabiltzea haien estiloa, baizik eta estilo hori ez erabiltzea bi aldeen artean sinaturiko kontratuek zehazten dituzten marrazkiekin”.

 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!