Paco Ocaña argazkilaria Ziudadelako Mistoen erakinera itzuli da berriz ere hamarkada baten ostean, bere hiriaren ikuspegi berezia ematera. 2005ean 1994 eta 2005 urteen arteko Iruñearen hiri-erretratua egin bazuen, gaur egun hiriaren espejismoekin beteko du eraikinaren lehen solairua, agertoki birtualekin, begiratzen denean ikusten ez denari buruzko irudiekin eta erretratu sorta batekin, non kolokan jartzen baita erretratu bakarraren kontzeptu psikologikoa nortasunaren adierazpen askotarikoaren eta poliedrikoaren aurrean.
Kronika eta oroimena ehun irudik osatzen dute, Ocañaren kameraren objektibotik denboraren joana irudikatzen duten ehun une, eta une errealak edo egileak azken hamarkadan amestu dituen uneak kontserbatzen dituzte aldi berean. Egileak berak aurkeztu du gaur erakusketa prentsaurrekoan, Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek lagunduta. Erakusketa maiatzaren 1era arte egongo da ikusgai, asteartetik ostiralera,18:00etatik 20:30era, larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era, eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.
Halaber, bestelako jarduera paralelo batzuk programatu dira. Apirilaren 19an eta 23an (igandeak) bisita gidatuak egongo dira egilearekin batera, eta apirilaren 7an (ostirala), 19:30ean kontzertu bat egongo da, Ekhi eta Urko Ocañaren eskutik.
Lau gai
Erakusketa lau ataletan banatuta dago, non Paco Ocañaren objektiboan errepikatzen diren gaiak biltzen baitira. Lehenengoa Harresi gardenak deitzen da, eta hiria eta hark gune bizia den heinean sortzen dituen espejismoak aipatzen ditu, hiri-grafittiak edo street arta. Egileak dioenez, errealitatearen antzaren eta ikusezinaren ziurtasunaren artean, gardenaren nabaritasuna agertzen da... Eta Ocañak kaleko artearekin egiten duen jolas moduko baten bidez gauzatzen du, era askotako interpretazioetarako bide ematen duen hizkuntza batekin eta toki eta pertsonaien aipamenekin.
Bigarren atalak Soegiteanikusiezduzunhori du izenburu eta kamera batek argazki batean islatzen duen errealitate objektiboa ametsak edo intuizioak bezain iruzurtia, engainagarria eta iradokitzailea dela agerian jartzen du, baita erreala ere, amets eta intuizioak ere errealak eta benetakoak baitira.
Beste serie batean begitandutako guneak agertzen dira, fikziozko beste toki batzuen berregite gisara irudikaturik. Atal horren izena Alegiazko agertokiak da, eta argazki-interpretazio oniriko bat da edo ukitu surrealista bat duen errealismo magikoaren ikuspegi bat, Jerry N. Uelsman fotomuntaketa-teknikaren maisu ospetsuaren lan-ildoarekin bat. Ocañak azaldu duenez, irudi digital berria hibridoa da errealitate-itxuraren eta fikzioaren egiantzaren artean, non batera agertzen baitzaizkigu argazkilariaren sormena eta irudimena teknologia berriek ematen diguten jardute-askatasunarekin.
Erretratu/Bi izeneko serie batek osatzen du erakusketa, non egileak bi begirada antagoniko eskaintzen dituen aurrez aurre: erretratatuarena, on egiten dion hori agerian utzi edo ezkutatu nahian, eta erretratu-egilearena, kamera bidez ezkutuan dagoen hori harrapatu zain. Paco Ocañaren Erretratu/Bi delakoak askotariko moldeetan eginak daude, gaiei zein estiloei dagokienez, hala nola erreferentzia klasikoko erretratuak, kultura nafarrari buruzko galeria, edo kultura flamenkoan egindako murgilketa, zeinak, bata zein bestea, zuri-beltzeko laborategi-prozedurak erabiliz egin baitira, forma- eta kontzeptu-hausturako proposamen berrienei helduta.
Biografia
Paco Ocaña Jimena (Jaen, 1949) tituluduna da Zaragozako Unibertsitatean (Gizarte Ikasketen Unibertsitate Eskola). 1976an Nafarroako Argazkigintza elkartean sartu zen eta geroztik bertako jardueretan parte hartzen du. 1983an elkarteko aldizkaria zuzentzen zuen eta 1980an egin eta parte hartu zuen bakarkako nahiz taldekako erakusketa ugaritan. Argazkigintzari buruzko testuak idatzi eta argitaratzen ditu hedabide ezpezializatuetan, katalogoetan eta bestelakoetan.
Nafarroako Kultura Kontseiluko kide izan zen 1987tik 1992ra; Nafar Ateneoko argazkilaritza saileko batzordekidea, 1991tik 1997ra; Nafarroako Argazki eta Zinema Elkarte zuzendaritza-batzordeko kide, 2003az geroztik. Orobat, honako erakusketa hauen komisario izan da: Kontrasteak. Belaunaldi berria (1989), Hamarkada baterako ikuspegiak. Nafarroako argazkilaritzaren egungo panorama (1990, Nafarroako Gobernua), Jacques Henri Lartigue (1992, Nafarroako Museoa), eta Lurrak, jendeak, herriak (1997, Nafar Ateneoa-Iruñeko Udala).
Halaber, Argazkilaritza argudio gisa (Nafar Ateneoa) zikloa antolatu eta zuzendu du Nafarroako Museoan (1992, 1993 eta 1994), Argazki erretratua ikastaroa (1993, Iruñeko Planetarioa, Gustavo de Maeztu Museoa, eta Agoitzeko Udala), eta Ispiluaren xarma, funtsa eta itxura erretratuan (2008, Photomuseum, Zarautz - Foto-67 M, Atarrabia). Argazkilaritza hastapeneko ikastaroen zuzendari eta irakasle izan da hainbat mailatan 1994tik 2011ra, Atarrabiako eta Barañaingo Kultur Etxeetan, baita AFCNn ere, eta Atarrabiako FOTO 67 M Argazkilaritza lantegiko sustatzailea izan da.
Artistaren lana bilduta dago Pamplona-Iruña, imágenes y palabras (1997, Iruñeko Udala), Navarra por mil caminos (1998, Nafarroako Gobernua), Villava, cuatro visiones (2002, Atarrabiako Udala), Navarra / Fotografía (Carlos Cánovas, 2012, Nafarroako gobernua) izeneko liburuetan eta katalogo, CD eta bestelako euskarrietan.