Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Europako proiektu batean parte hartzen du osasun publikoaren esparruan prestakuntza hobetzeko (horretarako, graduondoa, webgunea eta lankidetza sarea erabiliko dute) Mediterraneo hegoaldeko unibertsitateetan (zehazki, Tunisian, Jordanian eta Palestinan). Helburu orokorra eskualde horien garapena eta bertan lana aurkitzeko aukerak indartzea da. Ekimenak 740.908 euro jaso ditu Erasmus+ programatik, eta sei herrialdetako hamahiru erakunde bildu ditu partzuergo batean: arestian aipatutakoak eta Europako beste hiru herrialdetakoak (Belgika, Espainia eta Erresuma Batua).
Proiektuan NUPeko Osasun Zientzien Saileko hiru irakaslek hartzen dute parte: Osasun Publikoko Masterraren zuzendaria den Francisco Guillén Grima katedradunak, eta María Rosario Orzanco Garralda eta Raquel Sáenz Mendía irakasleek. Gainera, Susana Irisarrik, Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Ataleko –izen bereko errektoreordetzaren mende dago– kudeatzaileak proiektuaren koordinazio teknikoa hartu du bere gain, bai eta hiru urtean zehar egiten ari diren jardueren eta topaketen kudeaketa ere.
MED-Health (The Mediterranean Public Health Alliance — Mediterraneoko Osasun Publikoaren Aliantza) proiektuaren hamahiru kideak herrialde hauetakoak dira: Palestina (Nabluseko An-Najah Unibertsitate Nazionala, proiektuaren koordinatzailea, Gazako Zientzia Aplikatuen Unibertsitate Ikastegia eta Palestinako Sorospen Medikurako Elkartea), Jordania (Mutah Unibertsitatea, Zarqa Unibertsitatea eta Mediterraneo Ekialdeko Osasun Publikorako Sarea),Tunisia (Manoubako Unibertsitatea, Monastirreko Unibertsitatea eta Tokiko Garapenerako Horizonteak), Espainia (NUP eta Alakanteko Agora Institute for Knowledge Management aholkularitza enpresa), Erresuma Batua (Anglia Ruskin Unibertsitatea) eta Belgika (Bruselako Unibertsitate Librea). Partzuergo hori beste hiru erakundek babesten dute: Palestinako Hezkuntza eta Unibertsitateen Ministerioak, Jordaniako Osasun Ministerioak eta Tunisiako Osasun Publikoko Institutu Nazionalak.
Masterra, webgunea eta sarea
Bazkideek Osasun Publikoko Masterra ezartzeko lanean dihardute proiektuaren parte diren Mediterraneo hegoaldeko sei unibertsitateetan, Europako Unibertsitate Eremuaren eskakizunekin bat etorriz eta kualifikazio handiko profesionalak trebatzeko ideiarekin. Gainera, osasun publikoaren kudeaketari buruzko webgunea garatzea aurreikusten dute, erreferentea izan dadin bai unibertsitate horientzat baita masterreko ikasleentzat eta ikertzaile eta profesionalentzat ere. Azkenik, herrialde mailan osasuna kudeatzeko sarea sortu nahi dute, praktikak bateratzeko, eztabaida pizteko eta proiektuaren emaitzei jarraipena emateko, horrela Mediterraneo hegoaldean bizi diren hiritarrentzat onuragarri izan dadin, eta beste herri arabiarrentzat eta haietako unibertsitateentzat eredu izan dadin.
Proiektuaren hirugarren bilera aste honetan egingo da NUPen, Amanen (Jordania) eta Bruselan (Belgika) hasierako lehenengo bi bilerak egin ondoren.