'Peter punk' antzezlana, Sanduzelain

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 10a, 09:12

Tdiferencia taldeak larunbatean Sanduzelaiko Civivoxean aurkeztuko duen proposamena da, euskarazko haur antzerki zikloaren barnean.

Hemen da berriro –larunbat honetan–, Iruñeko Udalak antolatzen duen haurrendako euskarazko programazioa, 3 urtetik gorako haurrendako Peter Punk komedia musikalaren eskutik, Sanduzelaiko Civivoxean. Bi saio izanen dira, 12:00etan eta 18:00etan, eta, aurrekoetan bezala, sarrerak Internet bidez eta Civivoxean bertan erosi daitezke, 3 euroan.

Ipuin klasikoaren bertsio berritua aurkeztuko du lehendik ere Txanogorritxo Rock musikala taularatu zuen konpainiak. Oraingo honetan Peter Panen adiskide Wendy izanen da benetako protagonista. Izan ere, ipuinaren bertsio eguneratu hau ikuspegi femenino batetik prestatu izan da, eta bertan Wendy abentura eta arazoak gainditzeko giro batean agertuko zaigu. Wendy moderno eta adoretsua da, bere amaren aurka errebelatu ondoren Inoiz Sekula herrira, non ezer ez den aurrerantzean iraganean bezala izanen.

Martxoaren 25ean amaituko da haurrendako euskarazko programazioaren neguko zikloa, Iturramako Civivoxean taularatuko den Eidabe Teatroa konpainiaren Baserrian amets lanarekin.

Tdiferencia, bi konpainiaren batura

Tdiferencia 2012an sortu zen, arte eszenikoetan historia luzea zuten bi nafar konpainia elkartzean: XXLespectáculos (Maite Redín Orzaiz) eta Solita Intencione(Adriana Olmedo Merino).Orduz geroztik ekoizpen ugari taularatu dituzte, familiendako zein helduendako, eta haietan sentiberatasun berezia agertu dute generoarekin, bateragarritasunarekin eta gaztediarekin zerikusia duten gaiak jorratzeko orduan.

Peter Punk Tdiferencia konpainiaren sortzaile biek elkarrekin eginiko lana da, Miguel Molinaren zuzendaritzapean. Eva Azpilikueta, Maitane Pérez, Laura Villanueva, Jaione Urtasun eta Iker Bengoetxea arituko dira antzezle, denak ibilbide oparodun aktoreak Nafarroan.

Peter Punk: antzezleak

  • Eva Azpilikueta Nafarroako Antzerki Eskolan ikasia da, eta 2006an sortutako TDG Laperola antzerki konpainiako kide izan da. Konpainiak sorkuntza kolektiboa du ardatz, Me quiero vivir antzezlana kasu. Halaber, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako Antzerkiaren Gauza Miragarriak proiektuko eskola-bisitetan parte hartu du.
  • Maitane Pérezek Nafarroako Antzerki Eskolan egin zituen Arte Dramatikoko ikasketak, eta hainbat ikastaro eta mintegiren bidez osatu zituen gerora. Antzezle aritu izan da Endeca Teatro, La Cuerda Teatro (zeinaren sortzailea ere bada) eta Tdiferencia konpainietan, bai eta sortzaile lanetan ere, esaterako Teatreando en casa eta Itsas sekretuak antzezlanen sorkuntzan.
  • Laura Villanueva aktorea da, bai eta antzerki eta musika irakaslea zenbait ikastetxetan. Berak ere Nafarroako Antzerki Eskolan ikasi du, eta eskolak berak eginiko zenbait ekoizpenetan hartu izan du parte: El mundo al revés, Una escuela de bufones edo Historia de Muri, un lémur con mochila. Horrez gain, parte hartu du Sagar biltzailea eta Luna eta Piratak lanetan, zeinek Iruñeko Udalak antolaturiko haurrendako euskarazko antzerki-testuen lehiaketa irabazi duten, 2010ean eta 2015ean, hurrenez hurren. Halaber, zenbait antzerki-taldetan aritu izan da, esaterako Endeca Teatro eta Trasteando konpainietan.
  • Jaione Urtasun umetatik hasi zen antzerki-lantegiak egiten, Nafarroako Antzerki Eskolan. 17 urterekin EN+KARA2 antzerki-taldea sortu zuen, eta harekin hiru lan sortu zituen. Urtebetez Stanislavsky metodoa ikasi zuen Getxoko Antzerki eskolan, eta jarraian Yonunka Teatro konpainia sortu zuen. Geerora Arte Dramatikoko ikasketa profesionalak egin zituen Nafarroako Antzerki Eskolan berean. Ikus-entzunezko lanak ere egin ditu ITP Producciones eta Lapiel etxeekin.
  • Iker Bengoetxea bikoizketa-aktorea eta abeslaria da 2003az geroztik. Estilo desberdinetako bandetan aritzeaz gain, 2003an Iruñeko Orfeoian sartu zen eta kantu lirikoarekiko interesa pizten hasi zitzaion. Besteak beste honako hauetan aritu izan da: Luisa Fernanda –Anibalen paperean– (Gayarre Antzokia Udal Fundazioa), L’ocassione fa il ladro (Nafarroako Ganbera Opera), Figaroren ezteiak (Baluarte Fundazioa), La Bohème, eta baita Galipotx, Karabas eta Goibel musika-antzerkiko ikuskizunetan, zeinak Golden Apple Quartet & Kanpingags-ek ekoitzi eta zuzendu dituzten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!