Bi erakusketa –Iruña infografikoa eta Mankomunitate infografikoa– inauguratuko dira ostegunean Kondestable Civivoxean, infografia zer den erakusteko, eta informazioa eta grafismoa uztartzen dituen genero horren garrantzia aldarrikatzeko. Urtero-urtero, Iruña generoaren erreferente bihurtzen da, aurtengoan 25. urteurrenera iritsi diren Nazioarteko Malofiej sarien bitartez. Erakusketak urteurrena ospatuko du, eta, zenbait infografia eta diseinu bitarte, hiriaren erretratua eginen du, haren zenbakiak eta ohiturak aurkeztuko dizkigu, bai eta Iruñerriko Mankomunitatearen zeregina ere.
Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkari Maider Belokik, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari Aritz Ayesak, Nafarroako Unibertsitateko errektore Alfonso Sánchez Tabernerok eta erakusketaren komisario Javier Erreak Iruña infografikoa eta Mankomunitate infografikoa erakusketak aurkeztuko dituzte ostegunean. Erakusketak Kondestablearen jauregiko zenbait tokitan egongo dira ikusgai, apirilaren 1era (larunbata) bitarte. Erakusketa biak antolatu dira bat etorriz infografiaren Munduko Goi Bileraren eta Nafarroako Unibertsitateak ematen dituen Malofiej Nazioarteko sarien 25. urteurrenarekin. Nazioarteko Malofiej Sariak infografiaren Pulitzer edo Oscar sarien parekotzat jotzen dira; izan ere, komunikabideak (edozein plataforma erabiltzen dutela ere) modu erabakigarrian eraldatu dituen generoen generoa da infografia.
Nafarroako Unibertsitateak antolatu ditu Malofiej sariak 1993az geroztik, Komunikazio Fakultateak eta Society for News Design (SND) erakundeak sustaturik. Erakusketak berak bezala, hitzorduak bi alde ditu: batetik diseinu-sariak, eta bestetik nazioarteko biltzarra, hitzaldiz, mahai-inguruz eta lantegiz osatua. Urtero-urtero, martxoaren amaierarekin bat (aurten 26tik 31ra bitarte), Iruña kazetaritzako infografiaren erreferentziazko hiria bihurtzen da. Urtez urte, mundu zabaleko komunikabide garrantzitsuenetako (esaterako, The New York Times, The Washington Post, National Geographic, The Guardian, Die Zeit, Frankfurter Allgemeine, Politiken, Libération, Le Monde, Clarín, La Nación eta abarretako) profesionalak etortzen dira gurera… Urruneko eremu edo lurraldetakoak ere etorri izan dira, hala nola Persiako golkotik, Indiatik, Txinatik eta Japoniatik, beren lanaren, infografiaren bilakaeraren eta genero horren etorkizunaren berri emateko asmoz.
Iruña infografikoa
Infografia hitza berriki sortua da. Bi hitz elkartzetik dator: informazioa eta grafia, infografiak grafikoki bidez ematen baitigu informazioa. Egia esatera, infografia munduaren hastapenetatik erabiltzen dela esan daiteke; izan ere, gizakiok beti baliatu izan dugu elkarrekin komunikatzeko, hasi Historiaurreko harkaitzetan eta gaurko 3D teknikaraino.
Iruña infografikoa erakusketak hiriaren erretratua egin nahi du, betiere zehaztasun estatistikoan oinarrituta. Formatu handiko 25 panelek (850 mm. zabal eta 1.040 mm. garai) erakutsiko dute nor eta zenbat garen, nola bizi garen eta nola jartzen garen besteekin harremanetan, zer kontsumitzen dugun edo zerk pizten duen gure interesa. Erakusketak era askotako gaiak jorratzen ditu: demografia, jaiotzak eta heriotzak, immigrazioa, etxebizitza, hezkuntza, zirkulazioa, harreman sexualak, meteorologia, festak, politika, kirola... Ez da artea, informazioa baizik, estatistika-datuak, modu erakargarrian ikustekoak. Panel bakoitza aukera bat da milaka xehetasunetan murgildu eta sakontzeko, eta, seguruenik, iruzkin bat edo beste, ustekabeak eta baita nostalgia ere eraginen dizkigute. Gainerako kazetaritza-generoek bezala, infografiak xede du informazioa ematea, informazio hori testuinguruan kokatzea eta iritzia sortzea.
Mankomunitate infografikoa
Bestalde, Mankomunitate infografikoa erakusketak sei arlotan banatutako 57 panel biltzen ditu, Kondestablearen jauregiko lehen solairuan, 2010etik hona Mankomunitatearen memoriarako sortutako infografia-sorta bat. Memoria horietan Mankomunitatearen adierazle nagusiak jasotzen dira, infografia eta ikus-agirien bitartez, eta argazkia, margoa, marrazkia eta eskulanak baliatuz. Erakusketan ikus daitekeenaren arabera, infografia genero hibrido eta integratzailea da, hizkuntzen hizkuntza bat, hitza eta grafiko tradizionalak ez ezik (sukarrenak, tartak, mapak...), beste arte batzuk ere erabiltzen dituena.
Hauxe dago ikusgai: 2010eko zazpi panel, non Mankomunitatearen erabiltzaileak eta Jesús Casoren argazkiak dira protagonista; 2011ko hamar panel, Jojo eta Lupe Cruzen marrazkidunak; 2012ko hamaika panel, Nerea Armendárizen paperezko grafikodunak; 2013ko zortzi panel, Grassa Tororen testu eta Ana Yaelen ilustrazioekin; 2014ko hamaika paneletan Carlos Cánovasen argazkiak bildu dira, eta, azkenik, 2015eko hamarretan, Pedro Salaberriren koadroetan oinarritutako grafikoak.