Lau lanpostu gizonezkoentzako soilik eskaini ditu Cortesko Udalak

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 8a, 14:15
Cortesko Udalaren deialdia.

UPNko alkateak sinaturiko deialdia baztertzailetzat jo du LABek.

Brigadako peoi izateko lau lanpostu betetzeko deialdian, Cortesko Udalak, bete beharreko ezinbesteko baldintzen artean, gizonezkoa izatea sartu du. Deialdia Maria Concepcion Ausejo Gomez alkateak sinatu du, eta bistan da emakume guztiei eragozten diela deialdian parte hartzea.

LABek eman du ezagutzera deialdia. Deialdiak “lan arloan behin eta berriz errepikatzen den bazterkeria matxistaren isla da”, sindikatu abertzaleak salatu duenez. LABk, halaber, deialdia ahalik eta lasterren bertan behera uzteko eskatu dio Udalari.

Ausejo alkateak azaldu duenez, lau peoiek herriko festetan zezen plaza muntatuko dute, eta hesietan lagunduko dute bigantxak plazan daudenean. “Indarra beharrezkoa da lan honetarako, eta horregatik iruditzen zaigu gizonek egiteko aukera gehiago dauzkatela”.

Deialdiak Nafarroako Gobernuaren Enplegu Zerbitzuaren babesa du, eta helburutzat du egoera zaurgarrian dauden giza taldeen kontratazioa bultzatzea. Udalak 30 edo 45 urte baino gehiagoko gizonezkoei zuzendu die deialdia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!