Errigorako olio eta kontserba saskiak martxoaren 14ra arte eska daitezke

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 1a, 17:13

Errigora ekimenak abiatu duen 'Uztaberria' kanpaina berrian Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-loteak eska daitezke orain, apirila eta maiatzean jasotzeko. 

Aurtengo kanpaina berritasunez josita datorrela azaldu zuten Errigorako kideek aurkezpen saioan.  Batetik, aurtengoan aldi berean eskatu beharko dira olioa eta kontserbak, nahiz eta eta banaketa zein ordainketa bi alditan egingo den: oliba-olioa apirila hasieran eta kontserba-loteak ekaina hasieran. Bestetik, produktu guztiak ekologikoan eskatzeko aukera izanen dugu aurtengoan.

Potxak, kremak, zainzuriak, orburuak… zabala da aurkeztutako eskaintza. Handitzen doa, gainera, "errigorago" doa Errigora, Ibai Sueskun Errigorako kidearen hitzetan. Izan ere, hasieran bi ekoizle baino baziren ere, egun 22 dira, eta azken kanpaina arrakastatsua izan zen oso: 14.000 saski saldu zituzten. "Kurtso hasieran esan genuen errigorago gindoazela. Orain dela hiru urte abiatu genuen egitasmo hau eta izena bazuen, Errigora; orain, badu izana", esan du Sueskunek.

'Uztaberria', agroekologikoagoa

'Uztaberria' deituriko eskaintza indartsu dator: "urrats agroekologikoak" eman dituzte Errigorako kideek eta landa eremuan "ate berriak" ireki dituzte… Hori guztia, beti ere, egitasmoaren funtsa ahantzi gabe: "auzola eta elkarlana". 

Nola erosi?

Errigora.eus webgunean, eskuorrien bidez, zein 65 herri, taberna, elkarte zein eskolatan eskura daitezke saskiak. Aurtengoan, gainera, erraztasunak emanen dituzte ordaintzerako garaian: ordainketa bi epetan egin daiteke, bezeroen patrikek gutxiago nabaritu dezaten gastua.

"Gure asmoa bada kontsumitzaile sarea handitzea eta fidelizatzea, jendarte aldaketari dagokionean, aliantzak ergiteko prest gaude", adierazi du Sueskunek, halaber.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!