D ereduan haurrak matrikulatu dituzten familiak zoriondu ditu Sortzen elkarteak eta positiboki baloratu du Allo, Erriberrin zein Aintzinen euskarazko lerroa zabaltzea; nolanahi ere, euskarazko eskaintzan, zenbait kasutan, "pauso txikiak" ere eman ez direlakoan dago: "Aldaketaren gobernua sartu zenean, euskararen inguruan hitz egiten duenean edo hitz egiten dugunean, bai administraziotik, bai euskalgintzarik ere, pauso txikiak ematearen beharra azpimarratzen da, behin eta berriro. Pauso txikiak, bai, baina eman behar dira pauso horiek", esan du Sortzen elkarteko Sergio Iribarrenek.
Eskola itxi baino lehen, D eredua zabaldu
Zarrakastelun eta Azkoienen, esaterako, lau eta bost eskaera egin dituzte haurrek euskaraz ikasteko, hurrenez hurren; nolanahi ere, Nafarroako Gobernuak ez du D eredurik ezarri, eta, ondorioz, heldu den urtean haur gehiagok euskaraz izena emanda ere, ez dute euskaraz ikasteko aukera izanen.
Hori da, hain justu, Mendigorrian gertatutakoa: iaz zortzi familik eman zuten izena eta, aurten, beste bostek. Hezkuntza Departamentuak eskari hori aintzat hartu izan balu, zentro bat legoke jada eta hamahiru ikasle leudeke. Ez du halakorik egin, baina. Kexu da Sortzen, "herriko biztanleentzat suposatzen duen eskubideen urraketarengatik”.
Hori dela eta, dei egin du Sortzen Elkarteak: "Antzinen hartutako bidea" segitu behar dela dio: eskola itxi baino lehen, D eredua zabaldu behar delakoan dago, inguruko herri txikeitako ikasleak joan daitezen.
Aurrematrikulazio kanpaina ez da nahikoa
Aurrematrikulazioaren analisia egiterakoan, matrikulazio kanpaina hartu du gogoan Sergio Iribarren Sortzen elkarteko ordezkariak eta "eragin eskasa" duela aitatu. "Badakigu kanpaina komunitatibo soil batek familiek beren haurrak eredu batean edo bestean matrikulatzeko ez duela eragin handirik. Behar ditugu euskararen aldeko dinamika iruankorrak, urte osoan garatuko direnak".
Begi onez ikusi ditu Sortzenek irekitako hiru eskola berriak, “zabaltzen den D ereduko lerro bakoitza Vascuencearren Legearen paretan irekitako pitzadura” dela esan du Iribarrenek. Eta eskari bat paratu du mahai gainean: "Nafarroa XXI. Mendera begiratzea"; alegia, "aurreko garaietako legeak gainditzea" eta "euskarari ipinitako oztopoak atzean uztea".
Haizea egitasmoa, hegoaldea laguntzeko
Horretarako, Sortzen Elkarteak egitasmoa aurkeztu du gaur goizean: 'Haizea'. Horri esker, maiatzaren 21ean Iruñean ospatuko duten jaiaren etekin ekonomikoaren parte bat Nafarroako zonalde diskiriminatuan dauden D ereduko lerro berriak laguntzeko bideratuko dute.
"Faltan botatzen dugu inbertsio bat eta, zentzu horretan, erabaki dugu, gure kabuz, 21ean atera dugun diruaren parte bat hurrengo ikasturtean Nafarroako zonalde diskriminatuan zabalduko diren D ereduko lerro horiek indartzea eta babeste, eta, nolabait ere, pertsona horien ongietorria irudikatzea", ziurtatu du Oihana Beloki Sortzeneko partaideak.
Lau helburu dauzka 'Haizea' egitasmoak: familien artean euskararen erabilpena "bultzatzea", eskolen artean auzolanean aritzeko guneak sortzea, aurre matrikulazio kanpainan “jauzi kualitatibo bat” ematea eta familiak “babesteko eta zoriontzeko dinamika mobilizatzaileak indartzea”.