Iruñeko haur eskolen euskarazko eskaintzak bertan behera uzteko agindu du Iruñeko Administrazio Auzietarako 2. epaitegiak, guraso batzuek aurkeztutako helegitea aintzat hartuz, baina Iruñeko udalak helegitea aurkeztuko du.
Haur eskolak udal eskumena ez direla dio sententziak, baizik eta Nafarroako Gobernuarena. Joseba Asiron alkateak, berriz, azpimarratu du legeak diola unitate aldaketa edota izendapen aldaketa egotekotan behar duela udalak gobernuaren baimena, ez bestela, eta, kasu honetan, halakorik ez dela izan. "Sententziak dio aldatu dugula gure eskaintza eta hori ez da egia", esan du Asironek.
Borondatezkoa, ez derrigorrezkoa
0 eta 3 urte arteko zerbitzua derrigorrezkoa ez dela gogorarazi du, halaber, Iruñeko Udalak eta nahi duelako eskaintzen duela, "borondatez". Hala, sententziak "udal autonomia printzipioa" urratzen duelakoan dago alkatea: "Teorikoki behintzat -haur eskola zerbitzua- ez emateko aukera ere badugu".
"Lasaitasuna". Hori da familiei helarazi nahi izan dien mezua, heldu den urteko matrikulan aldaketarik egonen ez dela esanez eta oroitaraziz sententzia ez dela betearazlea errekurtsoa aurkeztekotan. "Seme alaben eskubideak bermatuta daude; jarraituko dute berdin".
Kalte ordainak
Ez da litekeena, baina epaitegiek errekurtsoa tramitera onartuko ez balute ere, kalte galeren ordaina eman beharko lieke udalak kaltetuak izan direla froga dezaketen gurasoei. Beste aldaketarik ez legoke. Haur eskoletako euskarazko eredua ez dago arriskuan, ondorioz.
Euskalgintza, kalera
Mobilizazioara deitu du Iruñeko euskalgintzak: gaur, 17:30ean "agerraldi masiboara", Udaletxe plazan.