Erriberrira iritsiko da D eredua. Hasieran, Erriberriko eskola euskarazko adarra txertatzekoen artean ez bazegoen ere, familien ekinei esker euskara izanen da, zortzi eskaera egin baitituzte. Hamalau erreferentziazko zentro ezarri zituen Nafarroako Gobernuak D eredua sartzeko, moldatu egin du, haatik, eskaria ikusita.
Allon, sei eskaera egon dira eta Antzinen, zazpi, baina adin ezberdinetako haurrena. Bi herri horietan zer eginen duten ikusteke dago.
Eredu asko
Hezkuntza Batzordean, aurrematrikula eta D eredua izan ziren eztabaidagai atzo. Mendozak esan du gobernuak ez duela "eredu bat", baizik eta "asko". Exekutiboak eredu publikoaren aldeko kanpaina egin duela azpimarratu zuen, ez soilik euskarazkoa.
PPNk Mendoza kargugabetzeko eskatu zuen; UPNk ere "oso larritzat" jo zuen gobernuaren jarrera. PSNk ere bide bera hartu zuen eta aurrematrikulazio kanpainan "askatasuna" falta dela azpimarratu. Lauko kideek, aldiz, ontzat jo zuten, hori bai, Ezkerrak izan ezik: gobernuak publikoaren alde eta ez euskarazko ereduaren alde egin behar duela esan zuen.