“Biktimen errekonozimendu hau abiapuntu bat da eta ausardia eskatzen dugu aurrera begira”

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 18a, 21:22

Nafarroako Gobernuak eskuin muturreko taldeen eta poliziaren indarkeriaren biktimak errekonozitzeko antolatutako ekitaldiaren bezperan, gurean bildu ditugu Idoia Zabaltza (Mikel Zabaltzaren arreba), Eneko Etxeberria (‘Naparra’-ren anaia) eta Karlos Delas (Rafa Delasen anaia).

Hobe berandu, inoiz ez baino 

Idoia Zabaltza:

“Ekitaldi honetan, motibazio politikoko biktimak omenduak gara baina modu orokorrean. Oraindik, legeak ez gaitu banan-banan errekonozitzen”. 

Eneko Etxeberria:                                                                                                                

“Bazen garaia; horrenbeste urtez egon gara isilpean… Abiapuntu bat izan daiteke aurrera begira”. 

Karlos Delas:

“Hainbeste urte ezer jaso gabe egon eta gero eskertzekoa da ekimen hau, nahiz eta ez gaituen guztiz asebetetzen. Legea alde batera utzita, giza eskubideak betetzea nahi dugu”.

Nire anaia gogoan 

Idoia Zabaltza:

“30 urte luze joan badira ere, hasieran bezala gaude. Guztiok dakigu zer eta nola gertatu zen, baina oraindik ez dute aitortu. Epaitegietan bi aldiz zabaldu dute sumarioa baina emaitzarik ez da izan”. 

Eneko Etxeberria:

“Nire anaia duela 37 urte bahitu eta hil zuen BVEk. Frantzian salaketa jarri genuen baina bi urte eta gero itxi egin zuten kasua. Iaz, Estatuko estoldetan ibilitako norbaitek kazetari bati zenbait informazio helarazi zizkion eta horren ondorioz ikerketa berriz zabaldu eta argia ikusten hasi gara”. 

Karlos Delas:

“1984. urtean anaiari eta Komando Autonomoetako beste hiru kideri Pasaiako Badian txalupaz sartzen ari zirela tiro egin zieten. Atxilotu ordez, bertan akabatzea erabaki zuen Espainiako Poliziak. Rafak hamahiru bala zulo zituen bularrean. Estatuak beti esan du enfrentamendu bat izan zela polizien eta komandoko kideen artean. Gezurra da. Txalupan zihoazenek ez zituzten armak erabili. Nahiz eta salaketa jarri auzibideetan, ez dugu aurrera egin. Iaz, epaile batek kasua ixtea erabaki zuen denbora asko joan zelako ikerketarik egin gabe. Orain, Auzitegi Konstituzionalaren esku dago”. 

Biktima guztiak, berdinak  

Karlos Delas:

“Biktima batzuek omentzeak ez du esan nahi besteak baztertzen direnik. ETAren biktimak errekonozitu dira; eta hala behar du. Nolanahi ere, bada beste biktima asko eta horiek ere aitortuak behar dute izan. Argitzea zer eta nola gertatu zen. Egia bilatzea ez dago inoren kontra. Zenbaitek ematen du errentagarritasun politikoa bilatzen dutela”. 

Idoia Zabaltza:

“Askotan, ETAren biktimen elkarteek interes politiko jakin batzuen arabera jokatzen dute. Biktimei mesede egin baino, elkarbizitza oztopatzen duen estrategia politiko bat ari dira indartzen”.   

Legea eta gizalegea 

Eneko Etxeberria:

“Aurrera begira, ausardia behar da urrats berriak emateko. Bada hainbat datu, proba asko gertaerak argitzeko eta justizia egiteko”. 

Karlos Delas:

“Legeak lege, egia gizarteratzen dugu erronkarik handiena orain. Bertsio ofizialetik haratago beste errealitate bat dagoela erakutsi behar diogu gizarteari”. 

Idoia Zabaltza:

“Bertsio ofizialari eusten diote eta are okerragoa dena, besteok dioguna espekulazioak eta gezurrak direla zabaltzen dute. Gezurrari aurre egiten lan handia dugu oraindik”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!