Emakumeen espetxe martxa feminista eginen dute bihar Valladolidera

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 10a, 08:22

Bilgune Feministak bost autobus bete ditu, Villanublako kartzelara joan eta espetxearen "izaera patriarkala" salatzeko. Iruñekoa, 08:30ean aterako da.

Gatazka politiko armatuaren konponbidean, "memoria, justizia, erreparazioan", alegia, "feminismotik eragitea" da Bilgune Feministaren helburuetako bat. Horregatik, espetxe martxa antolatu dute, Valladolidera joanen dira.

"Arrazoi ezberdinegatik erabaki dugu bertara joatea: alde batetik, bertan emakume preso politiko bakarra dagoelako (Naikari Otaegi, donostiarra). Guztira 12 dira espetxe ezberdinetan bakartuta dauzkaten emakume preso politikoak. Bestetik, espetxe horretako baldintzak, espazioaren antolaketari dagokionez, emakumeentzako bereziki kaxkarrak direlako. “Zulo” deitzen duten modulu txiki batean daude guztiak pilatuta eta patiora apenas sartzen da eguzkia. Azkenik, Euskal Herritik "hurbilago" (ez horren urrun, behintzat) egotea ere garrantzitsua zen guretzat. Azken finean, ekimen jendetsu eta parte hartzailea izatea nahi dugu, eta horregatik, egun berean joan eta itzultzeko martxa izango da", esan du Bilgune Feministak.

Kartzelaren izaera patriarkala salatzea

Askotariko helburuak markatu dituzte BF-ko kideek: "emakume presoek bizi dituzten zapalkuntza anitzak salatzea eta espetxeen izaera patriarkala jopuntuan jartzea; espetxeratzeak suposatzen dituen zaintza lanak, nagusiki emakumeon bizkar gainean egon direnak eta daudenak aitortzea; zigor-sistemaren inguruko gogoeta feminista bat bultzatzea; eta oro har, dispertsio politika salatzea eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea exijitzea". Horrez gain, "bereziki emakume preso politiko guztiei elkartasuna eta babes osoa" adierazi nahi izan dizkiete.

Espetxe martxara deitzeko ateratako bideo guztiak sarean ikus daitezke eta informazio gehiago jaso daiteke Bilgune Feministaren 15. urteurreneko blogean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!