Aurizberriko liburutegiak Maria Moliner Sari Nazionala jaso du

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 9a, 20:13

Astean behin, Maria del Mar Agos Diaz liburuzainak lau ibilbide ezberdin egiten ditu baserri, etxe, zaharren egoitza eta inguruko udalerrietako ikastetxeetara liburuak eramateko.

Aurizberriko liburutegiak  jaso du irakurzaletasuna bultzatzeko proiektu onenaren saria 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrien artean, "Pentsatu orokorrean, jardun tokian. Pirinioetan kultura dinamizatzeko ibilbideak" izenburua duen lanarengatik; nazio mailako hiru proiektu onenen artean aukeratu dute. Iñigo Mendez de Vigo Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa izan da sari-banaketaren buru.

Atzo hartu zuen liburuzainak saria Madrilen eta euskaraz mintzatu zen eskerrak emateko. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak, Udalerri eta Probintzien Espainiako Federazioak eta Coca-Cola Fundazioak bultzatu dute kanpaina hori, eta epaimahaiak nabarmendu du "inplikazio-maila handia duela proiektuak zerbitzatzen duen landa-inguruneko komunitatearekiko, eta adin guztiei zuzendutako jarduera aukera zabala; liburuzainaren lana meritu handikoa dela aitortzen du, sakabanatuta dagoen biztanleriara hedatzen baititu bere zerbitzuak eta gertuko beste eremu batzuetako erabiltzaileak erakartzen".

Irakurketa bultzatzeko proiekturik onena, 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan

Aurizberriko Liburutegiaketxez etxe liburuak maileguz emateko zerbitzua eskaintzen du, besteak beste; 1997an abiarazi zuen proiektu hori. Aezkoa, Artze, Erro, Luzaide, Auritz eta Aurizberriko 400 erabiltzaile baino gehiago dira beren baserrietan bertan liburuen maileguaz gozatzeko pribilegioa dutenak. Hamazazpi urte baino gehiagoz martxan dagoen zerbitzu horren helburua da geografiko oso sakabanatuta dagoen eta biztanle zaharkitua duen eremu batean Liburutegiaren zerbitzuak erabiltzeko modua erraztea.

Norbanako erabiltzaileen etxebizitzez gain, bestelako kolektibo batzuei ere ematen die zerbitzua proiektu horrek; udalerrietako ikastetxeei, Irati Irratiari eta Amma Ibañeta zaharren egoitzari, esaterako. Talde horiek aukera dute 50 ale batera hartzeko, bai eta ikus-entzunezko 25 euskarri edo beste horrenbeste aldizkari ere. Liburutegiak ibilbide batzuk ezarri ditu eta, astean behin, liburuzainak lau ibilbide egiten ditu udalerri bakoitzera liburuak eramateko; guztira, 250 kilometro egiten ditu hilabetean.

"Liburutegi soziala" proiektuaren barruan sartzen dira ibilbideok. Liburutegiak beste ibilbide edo arlo batzuetan ere lan egiten du: "Berrikuntza eta liburutegiak": erabiltzaileekin harremanetan egoteko modu berriak hartzen ditu barne, hala nola irakurketa digitaleko aplikazioak edo ideia eta iradokizunen panela; "Kultura- eta arte-dinamizazioa", eta "Tokiko memoria", Pirinioetako nortasun kulturala sustatzea helburu duena, hainbat jardueraren bitartez, bertako egileen hitzaldien edo "Pirinioak, Europako atea" intereseko zentroaren bitartez, besteak beste.

Aukeratutako Nafarroako beste zortzi proiektuak

Saritutakoaz gain, irakurketa bultzatzeko Nafarroako beste zortzi proiektu ere aukeratu dira: "Goazen denok liburutegira", Ablitaseko liburutegiarena; "Ate irekiko liburutegia", Barañaingo liburutegiarena; "Leyendo es gerundio", Cascantekoarena; "Hau zure liburutegia da", Cintruenigoko liburutegiarena; "BPM: integraziorako eta elkar ekintzarako espazio soziala", Marcillako liburutegiarena; "Irakurketaren alde elkarrekin", Mendabiako liburutegiarena; "Sartagudako Udal Liburutegiaren XXV. urteurrena", Sartagudako liburutegiarena, eta "Berritzen, zerbitzatzen eta gizarteratzen!", Bianakoarena.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!