Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan erregistratutako langabe kopurua 41.242 pertsonakoa zen urtarril amaieran; horrek esan nahi du aurreko hilabetean baino 1.197 pertsona gehiago dagoela langabezian, hau da, % 2,99 gehiago, abenduan 40.045 langabe baitzegoen.
Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordeak uste du, "langabeziak gora egiten duenean lehenengo balorazioak beti negatiboa izan behar duen arren, azterketa sakonagoa eginez gero, balorazio horrek negatibotasun zati handi bat galtzen du, batez ere garaia kontuan hartuta, horrek eragin handia izaten baitu urteko lehenengo hilabetean bereziki". Eta azaldu du azkeneko hamar urteetako hilabeteko igoerarik txikiena izan dela.
Laparrak gogorarazi du urtarrila dela hilabeterik txarrena, hilabete arteko langabezia-tasaren igoerari dagokionez, eta hori gertatzen dela "ziklo ekonomikoa gorabehera. Egin beharrekoa da, beraz, 2017ko urtarrilean gertatutakoa aurreko urteetako hilabete berean gertatutakoarekin alderatzea, era horretan datuak behar bezala baloratzeko", azaldu du. Alderaketa hori eginda, ondorioztatzen da langabeziak gora egin duen arren, "joera aldekoagoa eta baikorragoa dela".
Horrela, 2016ko urtarrilean % 4,57ko igoera gertatu zen, 2015ean % 3,44koa eta, 2009an, esaterako, langabeziaren igoera % 10,4koa izatera iritsi zen. Adierazi bezala, gainera, krisia hasi aurreko urteetan ere langabeziaren urtarrileko igoera handiagoa izan zen nabarmen: % 5,2koa 2006an, eta % 6,9koa 2007an.