Elurre Iriartek gogora ekarri ditu Baztanen egiten den euskal nobela beltzaren astearen hastapenak; “idazleekin solasean irakurle talde batetik abiatu zen eta hiru urtez aritu gara zenbait ekitaldi antolatzen nobela beltzaren inguruan edo aitzakiarekin”. Urte hauetako ibilbidea, egindako webgunea (www.ilbeltza.eus) eta emandako urratsak gogora ekarri ditu eta beste pausu bat emateko unea zela nabarmendu du: "Udalarekin eta Txalapartarekin eta urtero euskarazko literatura beltzean ekarpena egitea interesgarria iruditu zaigu. Gure zaletasuna sormenera eta itzulpenera luzatzeko aukera probetxagarria iruditu zaigu. Euskal sortzaileak gure artean izateko, eta hor barna dauden nobela beltz interesgarriak gure hizkuntzan leitu ahal izateko”.
Txalapartako editorea den Mikel Sotok bekaren oinarrizko informazioa eman du urte batean sorkuntza eta hurrengoan itzulpengintza sarituko duela nabarmenduz. Ondoren, “Gure kulturan eta literaturan zentroa eta periferiaren arteko dialektikan beka hau Baztanen sortu eta Tafallako argitaletxe batek lagundua” aurrera egingo duela azpimarratu du.
Aurtengo epaimahaikideak Soto bera, Joseba Otondo eta Amagoia Iban kazetaria izango dira. Editore gisa sentitzen duen ardura eta poza nabarmendu ditu eta Euskal Herriko idazleak eta itzultzaileak bekan parte hartzera animatu ditu sortuko eta itzuliko diren lanak euskal irakurleen gozamenerako izango direlakoan.
Azkenik, Joseba Otondo alkateak Baztanek nobela beltzarekin duen aspaldiko loturari buruz aritu da: “1955an argitaratutakoa da Jose Antonio Loidi irundarraren Hamabost egun Urgainen, euskarazko lehen nobela beltza. Jakina denez, Loidi eta Elizondoko Zatonea etxea estuki harremandurik egon izan dira, nahiz, Loidi bera, irundarra izan. Modu berean Mariano Izeta elizondar idazlearen Dirua galgarri, euskal nobela beltzaren genealogian ekarpen garrantzitsua izan zen. Izatez, euskaraz argitaratu zen bigarren nobela beltza izan zen, kasu honetan 1962an. Ondotik nobela gehiago etorriko dira eta horietako anitz trama Baztanen izanen dute, zeinbaitzutan osorik –Gotzon Garateren Elizondoko eskutitzaken bezala- eta bertzetan, gehienetan, zati batean”. Soto bezala, Euskal Herrian zentro eta periferiaren arteko dialektikaz aritu da Otondo, “Euskararen komunitatean hainbertzetan aipatzen den zentru-periferia dialektika horretan, gure bokazioa erdigunean egotea da. Ildo horretan aspaldi honetan bailaran egiten ari diren gisa guztietako ekimen eta ekitaldien testuinguruan Baztango Udalak (H)Ilbeltza, euskazko nobela beltzaren beka antolatu nahi du”.
Bekak posible egingo dituen ekarpenak aletu ditu alkateak, hala nola, “Euskararen normalizazioan gure mintzoa prestigiatu eta goratzeko ekimena izatea. Euskararen komunitateari ekarpen berria egin, literaturan pisu handikoa den genero beltza, euskaraz ere dastatu eta gozatzeko. Eta, modu berean, gure literatura sisteman, idazleen eta itzultzaileen lana sustatzeko”.
Baztango udaletxearen webgunean sariketaren oinarriak argitaratuko dira eta nobela edo ipuin beltzen proiektuak postaz edo bertatik bertara udaleko erregistroan aurkeztu ahal izango dira ekainaren 23a bitartean. Ondoren, irailaren 15a aurretik erabakiko dute zein proiektu saritu eta, hortik aurrera irabazleak urte bete izango du lana burutzeko.