Enplegu Plana Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan jorratzea "larria" da EH Bildurentzat eta Ahal Dugurentzat

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 30a, 13:46

Kontseiluaren jarraipena bera aztertzea akordio programatikoaren parte zela gogorarazi dute bi alderdiek; LABek eta ELAk uko egin diote bertan parte hartzeari "klientelista" dela aipatuta.

Nafarroako Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan eztabaidatuko dute Enplegu Plana, “ahalik eta adostasun handiena lortzeko”. Hori da bertako kideek ostiralean ziurtatu zutena. Baina gatazka piztu da, hain zuzen ere zein sindikatuk eta eragilek osatzen duten aintzat hartuta: CCOO, UGT, Nafarroako Enpresarien Elkartea eta Nafarroako Gobernuko Administrazioa dira Gizarte Eztabaidarako Batzordeko kideak, eta, ondorioz, ELAk eta LABek uko egin diote bertan parte hartzeari, organo hori “klientelista” baita bi sindikatuen aburuz.

Gogora ekar dezagun 2014an jarri zutela martxan Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua, UPNren eta PSNren babesarekin, gainontzeko alderdi guztiak kontra azaldu ziren bitartean.

Akordio programatikoan, ezbaian

Bada beste ertz bat: akordio programatikoan, Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak organo erabakiorra izan behar ote zuen zalantzan jarri zutela jada ‘aldaketaren gobernuko’ partaideek. Harekin zer egin aztertu beharra zegoela zioten. Beraz, kontseilu horren jarraikortasuna oraindik adostuta ez dagoenean, Enplegu Plana bertan eztabaidatzea ez dute begi onez ikusi EH Bilduk eta Ahal Duguk.

Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentariak azpimarratu du “larria” dela Enplegu Planaren geroa mahai horretan adostu nahi izatea, eta ELA eta LAB ez daudela gogoratzeaz ez ezik, azken egunotan CCOO eta UGTren finantziazioa dela eta izandako hika mika aipatu du. Bide beretik jo du Ahal Duguko parlamentari Laura Perezek, batzordearekin kritiko eta CCOO eta UGTren finantzaketarekin zorrotz.

Geroa Bai, bestelako formulen bila

Kontrako jarrera azaldu dute, ordea, Ezkerrak eta Geroa Baik. Ezkerrari dagokionez, ELA eta LAB hartu ditu hizpide eta beren burua "baztertzea" leporatu die bi sindikatuei Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan ez egoteagatik.

Geroa Bairen kasuan, aldiz, lausoa da segituko duten bidea. Izan ere, Koldo Martinezek esan du "ahalik eta eragile gehien" batzen saiatuko direla, eta ELA eta LABen parte hartzea sustatu nahi dutela.  Horretarako “formula irudimentsuak” bilatuko ditu gobernuak. Eta formula irudimentsuak zeintzuk izanen dira? Bada, oraindik ez dute iragarri. 

Bihar, bilera

Oposizioari begira, Enplegu Plana Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan eztabaidatzearen alde daude UPN, PSN eta PP. Carlos Garcia Adanero Erregionalistaren hitzek ilustratu dezakete oposiozioko talde guztien iritzia: "jada gaizki doan administrazioa are okerrago" joanen litzateke, haren hitzetan, kontseilua ez balego.

Bihar bilera eginen dute lauko gobernuko kideek Enplegu Planaren eta Eztabaida Sozialerako Batzordeari buruz, eta orduan emanen dituzte argitara aurrera begira emanen dituzten pausoak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!