Inkesta Soziolinguistikoa bost urtean behin egiten da Euskal Herri osoan. Nafarroako datuen berri eman, eta datozen asteetan aurkeztuko dituzte parlamentuan. Nafarroan, maiatzean egin zuen landa lana Ikertalde enpresak, hain zuzen ere, euskararen inguruko bi polemika piztuta zeudenean: Lan Eskaintza Publikoaren eta euskarazko haur eskolen ingurukoak. Garrantzitsua da datua, biek ala biek eragina izanen baitzuten emaitzan.
Gero eta herritar gehiagoren ahotan
Ezagutzari dagokionez, herritarren %23 dira orain euskaldunak, hau da, orain dela 25 urte baino bederatzi puntu altuagoa da zifra: %14koa zen, 1991an. Elebidun hartzaileek ere gora egin dute, izan ere, %10 dira orain; lehen, %5. Gazteak dira aldaketaren giltzarria16-24 urte artean, %26 dakite euskaraz; 1991an, %10 baino ez ziren. Antzeko gertatzen da 25-34 urterekin, %19 dira euskaldunak; 1991ean, %7 baino ez. Inondik inora, hobekuntza nabari da.
Iruñerria: pixkanaka euskalduntzen
Nafarroako hiriburuan, Iruñean, herritarren %10ek dakite euskaraz; gazteen artean, berriz ere, askoz hobea da datua: %25era egin du gora ehunekoak. Eremu mistoa osotasunean hartuta ere, antzekoa da datua: %11koa da euskararen ezagutza; gazteen artean, %27koa.
Datu baikorrenak eremu euskaldunean daude, herritarren %61 euskalduna izaki, eta gazteen %90. Eremu ez mistoan dago euskara larrien, %7 dakite euskaraz, gazteen artean, %12.
Etxeko hizkuntza ez izan arren...
Euskara etxean jasotzen zuten nafar euskaldunen %77k, 1991n: orain, %48k. Beherakada positiboa da, baina, euskara ama hizkuntza ez duten hiztunek eta euskaldun berriek euskarara jo dutela adierazten duelako, etxeko hizkuntza ez dutenak ere euskararen alde lerratu direla.
Sekula baino dirdira handiagoa
Sekula izandako erabilera datu onenak azaldu ditu ikerketak: herritarren %6,6 euskaraz aritzen dira erderaz adina. Eremu euskaldunean, %51 aritzen dira euskaraz, normalean; mistoan, %3.
Zalantza aurkakotasun bihurtuta
Handitu egin da euskararekiko aurkakotasuna: 2011ko datuekin konparatuta, lau puntu gutxiago daude euskararen alde. Eremu mistoan, %43tik %36ra jaitsi da babesa, zalantzati daudenak igota: %27 izatetik, %31ra pasa dira. Eremu ez mistoan, aldiz, dudan daudenak dira jaitsi direnak, kontrakoak handitu bitartean: %59 daude kontra -orain urte hogeuta bost urte, %46 ziren-.
Euskararen Plan Estrategikoa
Gaur, gainera, Euskararen Nafar Kontseiluak aho batez onartu du adierazpen bat euskarak "Nafarroaren berezko ondare gisa" duen garrantzia nabarmenduz, eta hizkuntza honen "politizazioaren" aurka.
Euskararen Nafar Kontseiluak, halaber, Euskararen Plan Estrategikoaren behin betiko testua onetsi du, herritarrek parte hartzeko prozesuan egindako alegazioak nahiz ekarpenak jaso ondoren; azaroan amaitu zen prozesua. Guztira, planak 259 proposamen jaso zituen, eta % 65 onartu zituzten. Nafarroako Gobernuak plana laster batean onartzea espero da.