Korralito forala

Korralito forala: Diputazioaren egiazko haztegiak

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 20a, 11:45

Ivan Gimenezen Corralito foral liburu arrakastatsua irratsaio bihurtu dugu Euskalerria Irratian, Nafarroako eliteen azken 80 urteak aztertzeko asmoz. Aste honetan, navarrismo-aren hastapenaz hitz egin digu.

Honatx Ivan Gimenezek aste honetan ibili duen gidoia:

Diputazioaren benetako haztegiak. Kazikeen 'sanedrina'

“Kazikeak egon egon behar dute, zintzoak baldin badira.

Gainera, kazikea ez da nahi duena, ahal duena baizik” (Amadeo Marco, 1979)

1. Amadeo Marcok, 1979an, erregimenaren mesederako bere azken zerbitzua egin zuen, bere botoarekin lehen foru hauteskundeak egitea ahalbidetuz, beti ere UCDk gehiengoa lor zezan (7 ahaldunetatik, 4 eskuratu zituen, nafarren botoen %26a besterik ez bazuen ere). Franco bezala, Marco joan zen “guztia loturik eta oso ongi loturik” behin utzita.

2. Manuel Irujok aurreikusi zuen bezala, Marco hil zen Nabaskozeko bere etxetzarrean, bakar-bakarrik, bere txakur Dyc lagunduta. Azken momentu arte, eskuineko gizona zela azpimarratu zuen, “demokraziaren aurkakoa, komunismoaren ataria delako”. Ez zuen inoiz lan egin, baina hil ondoren, 19 milioi pezeta zeuzkala deskubritu zuten (1987). Hala ere, esana zuen: “Nik, sehaskatik eduki dut dirua”.

3. Amadeo Marco zen Diputazioa bera. Banaezinak. 1940tik 1979ra arte kontrolatu zuen Nafarroako erakunderik boteretsuena, fiskalitatea bere erara erabiliz, mesedeak banatzen, arerioak hondoratuz. Inork ezin zuen Diputazioa kontrolatu, ezta Madrilek izendatutako gobernadorea ere. “Kardinalek Aita Santua hautatzen zuten, eta Aita Santuak kardinalak aukeratzen zuen”. 40 urteko agintaldia ez da, inolaz ere, harritzekoa.

4. Diario de Navarra eta Diputazioaren arteko idatzi gabeko hitzarmena: “Zuk obeditzen nauzu, eta nik babesten zaitut”. Eta ez da orain dela gutxikoa, El Pensamiento Navarrok 1918an salatutako jarduera baizik. Erretolika nabarrista garaiezina izan da, Gamazadatik gaurdaino. Diputazioak itxurazko tinkotasuna erakutsi du Madrilen aurrean, azpijokoak ezkutatzeko estrategia moduan: kromoak aldatu, Nafarroako autonomia betiko eliteen mesederako erabiltzeko.

5. XIX. mendeko Diputazioa familia gutxi batzuen etxaldea zen, euren seme-alabak atsedenik gabe gurutzatzen: liberalak, kontserbadoreak, karlistak, integristak, errepublikanoak, tradizionalistak... Bai eta azken bolada batean, jeltzaleak ere. Proletariorik ez, betiko abizenak kutsa ez zitezen: Baleztena, Arraiza, Sagüés, Uranga, Oroz, Amorena, Martínez de Azagra, Iñarra: “Kristau zaharrak, odol garbikoak, nafar peto-petoak”, El Eco de Navarra-k zioen bezala. Bide batez, errentistak, lur-jabe handiak, industrialak eta abar.

6. Nafarroako ahalduna izatea ohore gorena omen zen. Helburua lortzeko, azpijokoak eta zikinkeriak eguneroko gauzak ziren, 1921ko hauteskundeetan agerian geratu zen bezala: “Agoitzeko distrituan, bozka bakoitzaren truke legatza eskaintzen genuen -gogoratzen zuen Antonio Lizarzak-, baina besteek bi eskaintzen omen zituztenez, hauteskundeak galdu genituen”. Merintate bakoitzak zeukan bere diputatua, zazpiko Diputazioa osatzeko, boterearen konzentrazio izugarria suertat

7. Nafarroa ala Urangaldea? Erantzuna uler daiteke Burlatako atarian dagoen jauregiaren historia ezagutuz gero. 1991an, Francisco Uranga Galdianok bertako udalari saldu zion 275 milioi pezeten truke. “Urangatarrek ez dute ezer oparitzen”, kexaka agertu zen alkatea. Hogei urte geroago, bere ilobak, José Javier Uranga Santesteban 'Ollarra', Nafarroako enpresarien saria jaso zuen, bere lan-ibilera omentzeko: 70 urte zeramatzan Diario de Navarra-ren ildo politikoa zuzentzen, bere aitonak sortu zuen egunkari eternala.

8. XIX. mendean, Beire eta Erriberriko lur-jabea Esteban Galdiano Garcés de los Fayos zen, José Lázaro Galdianoren osaba. Bigarren hau 1947an hil zenean, Espainiako gizasemerik aberatsena zen (eta Europako bostgarrena). Galdianotarrak eta Urangatarrak orduan uztartu ziren, eta euren ondorengoek Nafarroako botere osoa bildu zuten Gerra Zibil ostean: Diario de Navarra, Nafarroako Kutxa, Rural Kutxa, Bianako Printzea erakundea, Falange eta nekazarien kooperatibak, besteak beste. Hortxe bai navarrismoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!