Aroztegiaren inguruko galdeketaren emaitza onartzeko eskatu diote hamar alkatek Nafarroako Gobernuari

Euskalerria Irratia 2016ko abe. 23a, 08:25

Argazkia: Aroztegiaren kontrako manifestazioa.

Ekainaren 5ean egin zuten galdeketa Baztanen eta 228 etxebizitza, luxuzko hotela eta golf zelaia eraikitzearen kontrako hautua gailendu zen, alde handiz: bozka eman zuten %80 azaldu ziren aurka.

Nafarroako ipar-mendebaldeko hamar alkatek eta zenbait zinegotzik Baztango Udalari sostengua adierazi diote, Aroztegiaren hirigintza proiektuaren kontra. Izan ere, galdeketa egin zuten Baztanen, ekainak 5 zituenean, eta %80k kontra bozkatu zuten. 

"Herritarrek ez badute erabakitzen ahal beren geroa baldintzatuko duten proiektuen inguruan, eta proiektuei buruzko iritzia sahiesteko erabakiak ohiko bideetatik kanpo hartzen badira, [UGEP] Udalaz Gaindiko Eragina duen Planarekin bezala, tokiko entitateak sobran daude eta demokraziarik ez dago", salatu dute agerraldia egin duten ordezkariek.

Herri galdeketaren emaitza aintzat hartzeko eskatu duten zinegotzi eta alkate guztiak EH Bildukoak eta independenteak dira. Honako herri hautakoak dira prentsaurrekoa eskaini duten ordezkariak: Berakoa, Arantzakoa, Etxalarkoa, Igantzikoa, Doneztebekoa, Iturengoa, Donamarikoa, Bertizaranakoa, Esteribarkoa eta Ultzamakoa.

Herriaren gainetik, aroztegia

Udalaz Gaindiko Plana baliatuz eraiki nahi du Nafarroako Gobernuak Aroztegia, eta kexu dira bertako herritarrak, herri galdeketan azaldu gisan: bozka eman zuten %80k ezezkoa eman zioten proiektuari.

"Baztango tokiko autonomiaren gainetik" pasatzea egotzi dio Baztango EH Bilduk Nafarroako Gobernuari. Oroitarazi du, ildo beretik, Udalaz Gaindiko Plana onartu zutela erregionalistek, hauteskundeetarako bi egun baino falta ez zirenean; horregatik, Geroa Bairi leporatu dio "UPNren jokaldiari azken oniritzia" ematea.

Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko presidentea Baztanen egon da gaur eta proiektuak "interes turistikoa" duela esan du, eta aurka daudenei "ikuspegi globala" galdegin die.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!