Lesbianei ugalketa bermatzeak "antolakuntza arazoak" dakartzala esan zuen Ginekologia buruak dimititu egin du

Euskalerria Irratia 2016ko abe. 13a, 09:17

Argazkia: Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioa. / ekinklik.org

> Ricardo Ezkurrak abortuaren dekretuaren "formekin" iritzi kontrajarria daukala adierazi du, ez ordea "edukiarekin".
> UPNren garaian izendatutako azken karguetako bat da Ezkurra.

Sei zuzendaritza berri izendatuko ditu Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ospitale Gunerakoa, merituetan oinarrituta: Traumatologia, Neumologia, Oftanmologia, Neurocirugia, Sexu Osasuna eta Ginekologia dira bururik gabe geratuko diren arloak. Hain justu, azkenekoan aritu izan da orain arte Ricardo Ezkurra orain arte, Ginekologian; dimisioa aurkeztu berri du, haren hitzen bueltan polemika egon da eta, nolanahi ere Nafarroako Gobernuak, hark dimisioa aurkeztu gabe ere, kargutik kentzeko asmoa azaldua zuen -zuzendaritza kargu deialdi berrira aurkez daiteke, orain-.

Sexu Osasun dekretua martxan jarri ahal izateko

Sexu Osasunari lotutako hitzarmenean bildutako puntuak garatu ahal izateko azkartu ditu Osasun Sailak hainbat karguren kargugabetzea. Ezkurraren gisan, Sexu eta Ugalketa Osasun Zentroetako buru Orlando Liberalek ere dimititu egin du, makina bat gairekin ados ez dagoela esanez, esaterako, inseminazioa edota transexualei eman nahi zaien arretarekin.

Abortua eta lesbianak, arazotzat

UPN gobernutik kentzeko hiru hilabete eskas falta zirenean izendatu zuten erregionalistek Ricardo Ezkurra Osasunbideko Ginekologia buru.

Irailaren 13an, Sexu Ugalketa Osasunerako Foru Dekretua Nafarroako Parlamentuan azaltzeko agerraldia egin zuen, baita argi utzi ere UPNren tesiekin bat egiten duela, batez ere bi gaietan: bat, lesbiana bikoteentzako eta bikoterik ez dutenentzako ugalketa bermatzeak "antolakuntza arazo ugari" dakartzala esan du; eta bi, abortua sare publikoan txertatzea "zaila" izanen delakoan dago, "mediku asko" kontzientzia eragozleak direlako.

Hain justu, horixe bera zen UPNk lehengo agintaldian ziona, eta, egun, batere aldaketarik gabe mantentzen duena. "Baten batek pentsa dezake hau esateak dekretua ezartzeko oztopoak jartzea dela; ezta pentsatu ere", esan zuen Ezkurrak. Gobernuari "errealitatea" zein den azaltzeko betebeharra daukala azpimarratu zuen, halaber, "hori txarra edo ona izanda ere".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!