Nafarroako Gobernuaren jardunaren balorazioak hamarretik 4,92 puntu lortu ditu

Euskalerria Irratia 2016ko abe. 7a, 08:54
Nafarroako Gobernuaren bilera.

Herritarren %42,2k uste dute gobernuak badakiela arazoak nola konpondu, eta %32k uste du ezetz.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin du inkesta Nafarroako Gobernuaren eskariz. Aldaketaren Gobernuaren jardunaren balorazioa egin dute galdeketari erantzun dioten 800 herritarrek. Hamar puntutik 4,92 lortu ditu, eta lehendakariak Uxue Barkosek 4,98. Nafarroan balorazio onena duen politikaria da. Parlamentuko bozeramaileen artean, Geroa Baiko Koldo Martinezek 4,7 puntu eskuratu ditu eta PPko Ana Beltranek izan du emaitzarik okerrena 3,6. Izquierda-Ezkerrako Jose Miguel Nuini 4,6 puntu eman dizkiote, PSNko Maria Txibiteri 4,5, Podemos-Ahal Duguko Laura Perezi 4,3, EH Bilduko Adolfo Araizi 4,2 eta UPNko Javier Esparzari 4. 

Nortasunaz ere galdetu diete inkesta horretan. %45,1ek erantzun dute nafarrak sentitzen direla, eta %20,1ek, berriz, euskal herritarra eta nafarra. %8,9 espainiarrak baino ez dira sentitzen, eta %8,6 euskal herritarrak, nafarrak eta espainiarrak.%48,3 pozik daude Nafarroak duen autogobernu mailarekin, eta %12,4 oso pozik azaldu dira. %26,6k erantzun dute ez daudela pozik edo batere pozik egungo autonomia mailarekin.

Berdinketa oposizioaren eta Gobernua babesten duten indarren artean

UPN litzateke lehen indarra Nafarroan inkesta horren arabera: hamabost ordezkari lortuko lituzke, orain dituenak bezainbeste. Bigarren indarra izateko lehian leudeke Geroa Bai eta EH Bildu, biek bailituzkete 8-9 parlamentari. Gaur egun, bederatzi ditu Geroa Baik, eta zortzi EH Bilduk.

Laugarren indarra PSN litzateke, zazpi ordezkarirekin. Horiexek ditu orain. Ordea, laugarren indarraren postua kenduko lioke Ahal Duguri, alderdi hori zazpi parlamentaritik sei izatera igaroko litzatekeelako. PPNk hiru legebiltzarkide lor litzake, uneotan dituenak baino bat gehiago eta izquierda-Ezkerrak, berriz, bi; gaur egun duen kopurua. Ciudadanos berriro geldituko litzateke legebiltzarretik kanpo.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!