Heldu den abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna izanen denez, Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzional hau onetsi du:
“Abenduaren 3a, Nafarroaren eguna, Euskararen eguna ere bada. Oroitzapen hori 1949an sustatu zuen Eusko Ikaskuntzak.
Hala bada, abenduaren 3an Nafarroak zer ospatu handia du. Foru Komunitatearen egunak eta haren berezko hizkuntzetako baten egunak bat egiten dute eta biak batzen dira. Izan ere, Nafarroaren historia euskararen historiari loturik doa, historian zehar nafar jendeak hizkuntza hori bere izan duela agertzen baita
Batze edo elkartze hori da Nafarroako Gobernuak euskararen irudia hobetzeko abiatu berri duen kanpainan sustatu nahi izan duen mezua: “Sin el euskera, Navarra no se entiende” / “Euskara gurea, denona”.
Aurten, abenduaren 3an, Nafarroako Gobernuak estreinako aldiz, Euskararen Nazioarteko Eguna ofizialki ospatuko du. Ospakizunak Nafarroako hiru hiritara zabalduko dira: Iruñera, Altsasura eta Tuterara.
Nafarroako Gobernuak berretsi nahi du euskararekin bai eta nafar gizarteari hizkuntza hori normaltasun osoz baliatzeko aukera ematearekin ere duen konpromisoa. Hala berean, berretsi nahi du gure hizkuntzen elkarbizitzarako gizarte adostasuna erdietsi beharra dugula, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea xedea dela.
Hori horrela, Nafarroako Gobernuak herritarrak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzera animatzen ditu, Nafarroaren Egunari gehitzen zaion eta oroitzapen hura aberasten duen ospakizuna izaki.”
Abenduaren 3an Altxatu taldea eta Oihan Vega Iruñean
Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak Iruñeko Udalaren lankidetzarekin antolatu ditu hiru ekitaldi: Antoniutti parkean eginen dira. Txantxariak ikuskizuna, haurrentzako musika eta dantza emanaldia, 11:30etik 13:30era. Toki berean, iluntzean, Irunberriko Altxatu taldeak kontzertua eskainiko du, gazteei zuzendua, 20:30etik 22:00etara;
Gauean, 23:00etatik aurrera, Oihan Vega DJ ezagunak -jaialdi musikala eskainiko du Antoniuttin.