TRWk 101 langile kaleratu ditu jada. 22 gehiago botako ditu, abenduan. Bitartean, behin behineko langileak hartzen ari da: aste honetan, 18i.
Eta ez hori bakarrik: zantzu guztien arabera, gainera, langile batzordeko kideek kritikatu dutenez, jende gehiago kontratatzeko asmoa dauka urtarriletik aurrera.
Langile Batzordeak salatu du lana egon badagoela, baina "kudeaketa txarrak" eraman duela enpresa egungo egoerara.
"22 pertsona hauek ez dira bakarrak, jada 101 kaleratu dituzte. Berriz igo gara tribunaletara hau salatzera", esan du David Markalain enpresa batzordeko kideak.
123 kaleratu, epeka
Martxoan erabaki zuen ZF-TRW multinazional alemaniarrak 123 lagun kaleratzea, epeka. Azkenak heldu den hilabetean botako dituela ziurtatu du: geratzen diren 22ak. Gainontzeko 101 pertsonak kalean daude jada.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak ekainean esan zuen “bidegabeak” direla kaleratzeak, baina ez zituen baliogabetu, eta, beraz, enpresak ez zituen berriz kontratatu behar izan. Horregatik, Auzitegi Gorenera jo du langile batzordeak, baliogabetzeko xedez. Hala balitz, berriz kontratatu beharko lituzteke Alemaniako firmak 123 beharginak.
Aldi berean, batzordeak helegitea aurkeztu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian, abendurako iragarritako 22 kaleratzeak geratu ditzan.
Enpresaren etorkizuna, airean
"Kudeaketa txarrak" aurrera segituz gero, enpresa beraren etorkizuna ezbaian egon daiteke. Horra langileek kritikatu dutena. Azken finean, "lan bera egin nahi du behargin gutxiagorekin". Horixe, gakoa, langileen hitzetan.
Auzia publikoki salatzen jarraituko dute aurrerantzean ere, eta enpresari “fitxa mugitzea” tokatzen zaiolakoan daude, izan ere, nahi izanez gero, bere eskuetan dago kaleratzeak ekidin eta botatakoak berriz kontratatzea.