Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Jose Luis Mendoza: "PAI programa ezartzea edo ez ikastetxeen erabakia izanen da"

Euskalerria Irratia 2016-10-25 14:16   Gizartea  Nafarroa

Ingelesez ikasteko programa ezarri duten lehen ikastetxetako ikasleekin ebaluatu dute programa bera. Ikastetxe horiek "ikasle aniztasun" txikia dutela nabarmendu du Roberto Perezek eta horrek ebaluazio-txostenean eragina izan duela dio. 

Ingelesez Ikasteko Programaren azterketa xehe bat egin berri du Hezkuntza Departamentuak. Ebaluazioan, hiru parte nagusitu dira: informazioa bildu, diagnostiko soziala egin eta ikasleen abilidadeen inguruko txostena osatu.

Alde batetik, informazioa eskuratu dute. Ingelesa Ikasteko Programak ikastetxe bakoitzean zein modutan dauden ezarriak jakiteko baliatu dute eta baita, irakasleen perfilaren berri izateko ere. Bestetik, diagnostiko soziala ere egin dute. Guraso eta interesa duten agenteekin hitz egin dute horretarako. Euren iritzia jaso dute Dispai izeneko ikerketaren bidez. Azkenik, hirugarren atalean ikasleen gaitasuna, eskumenak eta trebetasunak aztertu dituzte.

Azken horretatik hasita, zer diote emaitzek? Zein emaitza du PAI programak ikasleengan? Bi aspektu aztertu dituzte. Ingelesa, hizkuntza bera ikasteko eskaintzen duena, eta ingelesez irakasten dituzten ikasgaien inguruan dituzten trebetasunak.

Hizkuntza bera ikasteko gaitasunak kontuan hartzen badira, programa hori gabe funtzionatzen duen ikastetxe batek baino abilidade gehiago eskuratzen dituzte, baina, zailtasun gehigarriak izaten dituzte behar bereziak dituzten ikasleek, edo arreta zailtasunak dituztenek, edo etorkinek, edo beranduago ikastetxean sartzen diren ikasleek. Alegia, ikasleen aniztasunari ez dio erantzun egokirik ematen eta ikasterako edo jakintzak barneratzeko unean erritmo motelagoz aritzen diren ikasleei traba egiten die. Izan ere, ingelesez ikasteko programa ezarri zen lehen ikastetxetako nolakotasunak ere badu garrantzia. 

Horrez gain, ingelesez ikasten dituzten beste ikasgaien azterketa eginda, antzeman dute, beste ereduetan eta PAI programarik gabe ari direnen abilidadeak eskuratzen dituztela.

Lehenengo fasean, informazio bilketan, irakasleen formazioan hutsune nabarmena dagoela antzeman dute. Nahiz eta %80ak baduen ingeles maila, C1 delakoa, oraindik desoreka dago distribuzioan: kapazidade horiekin irakasle gutxiago dago haur hezkuntzan. Irakasleei baliabide gehiago eman behar zaizkie, aukera gehiago ingelesa ikasi eta halako programetan parte hartzeko nahikoa errekurtso izan dezaten.

Diagnostiko sozialean, gurasoak eta hezkuntza komunitateko beste zenbait inplikatu pozik daude Ingelesez Ikasteko Programarekin, baina, ez dute egokia ikusten inplantazio modua nola egin duten. Programa mantenduko lukete, baina, hobekuntzak txertatuz: aniztasunari eta inklusioari bide eginez, eta lehentasun izanez.

Hain zuzen, Hezkuntzako zuzendari nagusiak horri ere egin dio so. UPNren agintaldian, etapaka joan ziren ingelesezko programak txertatzen: lehenbizi British izan zen, gero TIL eta PAI ondoren. Gutxika egiten hasi ziren, lehenbizi zentro bakoitzaren nortasuna aztertu eta egokia ote zen halako programa txertatzea ikusita. Txosten hori kontuan hartuta erabakitzen zen. Legealdiaren amaieran baina, ikastetxe askotan sartu zuten ingelesezko programa, aurretik egiten ziren ikerketa txostenek esaten zutena kontuan hartu gabe. Gerora, txosten horiek argitara eman zuten ikastetxe askotan ez zela egokia.

Roberto Perezek esan du, ezinbestekoa zela ebaluazioa egitea, jakiteko, programa horien gabeziak zeintzuk ziren eta hobekuntzak nola egin daitezkeen aztertzeko.

Jose Luis Mendoza, Hezkuntza kontseilariak hartu du gero hitza. PAI programaren inposizioa bukatuko dela iragarri du. Mendozaren esanetan, orain arte ez bezala, sare publikoko ikastetxe bakoitza izanen da, PAI programa eskaintzen duen ala ez erabakiko duena. Gaur egun PAI eskaintzen duten eskolek ere askatasuna izanen dute programatik ateratzeko.

UPNren gobernuak "era prezipitatuan eta ikerketarik egin gabe" ezarri zuen PAI egitasmoa, Hezkuntza kontseilariaren ustez. "Irakasleek esfortzu handia egin behar izan zuten PAI aurrera atera ahal izateko, baliabiderik, plangintzarik, argibiderik eta formakuntzarik gabe".

Urtea amaitu baino lehen, PAIren ezarpena arautzeko foru agindua argitaratuko du Hezkuntza Departamentuak.

Kritikoen, oposizioa

Kritika asko egin dizkio oposizioak. UPN, PSN eta PP gogor aritu dira Mendozaren aurka. Alberto Catalanek leporatu dio, PAIren kontrako jazarpen erabatekoa egin ostean, emaitzek orain arrazoi eman dietela PAI programa hori aplikatu zutenei. Hezkuntza komunitateari barkamena eskatu beharko liokeela esan dio UPNko parlamentariak. PSN ere ez da isilik gelditu. PAIri jarritako moratoria bertan behera uzteko eskatu dio kontseilariari, gizartearen gehiengoak begi onez ikusten duelako programa. PPk berriz, interes politiko eta ideologikoekin aritu izana leporatu dio, eta zorroztasun falta leporatu dio.

Gobernua babesten duten indarrek, Mendozari eta Perezi babesa eskaini diote, uste dutelako, ezinbestekoa zela programaren inguruko ikerketa egitea eta modu horretan, programa bera hobetzeko proposamenak egitea. 

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Sortzen 2016-10-25 17:29 Erantzuna | #1

Hasieratik, bultzada politikoa izan duen programa bat da PAI. Beraz, bultzada politiko batek jarriko du bere lekuan. Helburua, Nafarroako ikasleek atzerriko hizkuntzak ikastea bada, hasteko, bertako hizkuntza ofizialak menperatu beharko dituzte. Beraz, bestelako PAI bat posiblea dela uste dugu, euskara hizkuntza trinkoa izanda, atzerriko hizkuntzak sartuko dituena ikasleen beharretara eta inguru soziolinguistikoari egokitu ondoren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa