Zaurgarritasun sozial latzean, 30.000 nafar

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 27a, 09:15

Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Sareak CIPARIIS txostenean oinarrituta gizarte desberdintasunaz ohartarazi du. Gizarteratzea ziurtatuko duen bermatutako errenta ezinbestekoa dela nabarmendu du. 

Krisiaren eragina zenbaterainokoa izan den aztertu dute CIPARIIS izeneko txostenean. Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Sareko kideek alderdietako eledunei atzo bertan igorri zieten txostena. 2007-2014. Urteen artean 30.000 nafar izan dira zaurgarritasun sozial latzean murgilduta. Pobrezia eta gizarteratze bazterketa hori jasaten ari direnentzat ezinbestekoa da bermatutako errenta bat jaso ahal izatea, gizarteratze prozesuan parte hartu ahal izateko.

Pobreziaren aurkako taldearen ustez, bermatutako errenta berriak “zenbait elementu positibo eman dizkio arrisku-estaldura zabalduz”. Hala ere, bidea oraindik egiteke ere badagoela nabarmendu dute: “bermatutako eta arazo desberdinak kontuak hartuko dituen errenta ezinbestekoa da”. Enpleguaren eta bermatutako errentaren arteko loturak askatzera jo behar dela ere uste dute. Izan ere, egun, lanpostu bat izateak ez du esan nahi egonkortasuna izatea, “enpleguaren prekarietateak eragindako egoera latzak aurkitu daitezke gizartean”. Hala, CIPARIIS txostenak jaso du langabezian diren 10 herritarretik 6 denbora luzean daudela egoera horretan: “Egoera horiek kroniko ez bilakatzea ezinbestekoa da”.

Nahiz eta bermatutako errenta berriak bide egokia hartu duen Pobreziaren aurkako sarearen ustez, oraindik bada zer hobetu: erroldatuta bi urte eramatea gehiegizkoa da; 18-24 urte arteko gazteek seme-alabarik ez badute diskriminazio negatiboa egiten jarraitzen zaie; epeak berrikusi beharko lirateke eta pertsona bakarrari ematen zaizkion laguntzak txikitu dituztela ere salatu dute.

Iruzurra halako laguntzetan

“Zurrumurruek hazi egin dute gizartearen sektorearen zati batean, halako diru-laguntzetan iruzurra egiten dela askotan, eta behar ez dutenek ere jasotzen dituztela babes ekonomiko horiek, baina, gutxiengoa dira halako kasuak”, azaldu dute beste behin Pobreziaren aurkako taldekoek. Hala, eta Javier Eneriz Arartekoak 2015ean esan zuenez, iruzurra %1,4 izaten da. “10.227 familiek jasotzen zuten Gizarteratzeko Oinarrizko Errenta 2014an eta horietatik 21ek egin zuten nolabaiteko akatsa edo iruzurra”.

Egoera desberdinei aurre eginen dien bermatutako errenta

Norberaren bizitza-proiektua aurrera eraman ahal izatea herritar guztien aukera beharko luke izan. Baina hala ez denez, bermatutako errentak horixe ziurtatu beharko lukeela iritzi du Pobreziaren aurkako sareak. “Gizartean sortu diren desberdintasun ekonomiko zein sozialak orekatzea da erronka”, azaldu dute. Gogorarazi dute, bermatutako errenta ez dela gizartearentzat eta herritarrentzat gastu bat, baizik, inbertsio bat.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!